Historia

Sarrera

Jerardo ELORTZA, MUko irakaslea, 2002.

Arantzazu, erretaula, Oñati GipuzkoaHistoria luzea eta aberatsa du Oñatik. Baita nahasi samarra ere. Ez dakigu ziur noiz sortu zen, ez baitzen eratu inguruko hainbat herriren antzera, erregeren batek emandako jaiotagiriaren bidez. Oñati Gebaratarren azpiko jaurerria izan zen Erdi Aroan, eta XV. mendearen erdialdetik XIX.eraino leinu bereko jauntxoen esku izan zen konderria. Gizaldiz gizaldi borroka latzari eutsi behar izan zion, kondearen uztarria bere lepo gainetik astindu guran. Baina ez zuen hori zeharo lortu 1845era arte, orduan sartu baitzen erabat Gipuzkoako probintzian. Edonola ere, Euskal Herriko gune hazitxo eta garrantzitsuenetakoa genuen. Izan ere, Oñatiko haranean eta mendietan lur erosoak zeuden nekazaritzarako, zelai ugariak artzaintzarako eta baso oparoak eraikuntza nahiz ikazkintzarako. Ikatza hiru oletan eta dozenaka errementeriatan erabiltzen zen, eta burdinaren alorreko industria garrantzitsua sortu zen: armak, zartaginak eta, batez ere, iltzeak egiten zituzten. Iltzegin ospetsuez gain, baziren Oñatin banastagileak, ehuleak, errotariak eta beste makina bat artisau eta lanbide ere.

XIX-XX. mendeetako industri iraultza iritsi zenean, Oñatik ez zuen alboko herri batzuek adinako aldakuntza sakonik jasan. Hala ere, ez zen Aloñapean lantegi-faltarik izan: pospolo-fabrikak jarri ziren lehendabizi, txokolategintzak hartu zuen indarra gero, baina bestelako industriak ere ez zitzaizkigun atzera geratu, hodiak, lanabesak, baserri-tresnak eta burdinazko beste gauza asko egiten zituztenak. Euritakoak, pilak, etxe-tresnak eta beste zenbait produktu atera izan dira hemengo fabriketatik. Azken bi hamarkadetan lantegiak erruz handitu eta gehitu zaizkigu, batez ere Zubillagako Osinurdin aldetik kale ondoko Ibarraraino, hiru-lau bat kilometrotan ia etengabeko industrigunea itxuratuz.

Oñati, ordea, beste berezitasun bategatik ere nabarmendu zen: 350 bat urtean Euskal Herrian jardun zuen unibertsitaterik garrantzitsuena izateagatik, alegia. Hor dugu oraindik Rodrigo Mercado Zuazola apezpiku oñatiarrak horretarako eginarazi zuen ikastegi bikaina, Errenazimendu garaiko eraikuntza paregabea. Unibertsitatearekin batera, beste hainbat monumentu, kale, plaza txoko, iturri eta etxe ikusgarrik edertzen dute Oñatiko hirigune zaharra. Ildo horretan aipatzekoak dira San Miguel parrokia, Santa Ana eta Bidaurretako komentuak, Zumeltzegiko dorrea, Lazarraga, Bidaurreta eta Urain dorretxeak, Foruen plaza arkuduna udaletxearekin, Santa Marinakoa Madinabeitia, Antia eta Baruekua jauregiekin, Otadui, Azkarraga, Elorriaga, Irala, Zarate, Astorkiza, Hernani, Olakua etxeak eta abar. Azkenaldian gune historikoak aukeran aldakuntza eta ordezkapen gehiegitxo jasan dituen arren, Oñatik artean eskualde honetako arkitektura-multzorik interesgarrienetakoa gordetzen duela esan daiteke.

Alabaina, ez dira kale aldean gure herriko edertasunak agortzen. Baserri-giroko hamasei auzotan sakabanaturik, hamaika gauza aipagarri daude oraindik, Oñatiko udalerriaren muga zabaletan: antzinako trikuharriak, zutarriak, gurdibideak, galtzadak, zubiak, gurutzeak, ur-putzuak, garbilekuak, askak, presak, malatuak, errotak, makinetxeak, linaputzuak, karobiak, txondorlekuak, txabolak, kortak nahiz eskortak; eta, jakina, auzo eta auzune horietan dauden baserriak, txabolak, elizak, ermitak eta bestelako eraikinak. Nekazaritza-mundua urritu eta aldatu ahala, elementu hauetariko asko hondatzen eta desagertzen ari da zoritxarrez. Dena den, oraindik garaiz gaude zutik dugun horrelako altxor asko bere horretan mantendu eta iraunarazteko.

Oñatiko historiaren inguruko informazio gehiago Turismoa atalean aurkituko duzu. Ondare artistikoa, Arrikrutz kobak, ondare naturala, jaiak, eta abar.