Oñati

Oñati, GipuzkoaGipuzkoako hego-mendebaldean dago Oñati. Bergara, Arrasate eta beste herri txikiago batzuekin batera, Debagoieneko eskualdea osatzen du. Herrigune osoa mendiz eta muinoz inguraturik dago ibar zabal batean, eta badirudi hortik datorkiola izena; izan ere, muino askoko lekua esan nahi du.

Euskal Herriko erdigunean dago kokatuta, Donostiatik 73 kilometrora, Bilbotik 64ra, Iruñeatik 101era eta Gasteiztik 52ra.

Oñatik 108,2 kilometro koadroko azalera du eta Gipuzkoako udalerririk zabalena da. Altuerari dagokionez, itsasotik 231 metrora dago hirigunea, baina auzo batzuk gorago daude: Arantzazu, esate baterako, ia 700 metrotan da eta udalerriko gunerik garaiena, Artzanburu mendigaina, 1.368 metrotan.

Oñatik 16 baserri-auzo ditu: Arantzazu, Araotz, Uribarri, Lezesarri, Urrexola, Murgia, Olabarrieta, Berezao, Garagaltza, Goribar, Zañartu, Torreauzo, Garibai, Santxolopeztegi, Zubillaga eta Larraña.

Bertako klima Ozeaniar epela da, nahiz eta goialdean Mendiko klimaren eragina sumatu. Udak epelak eta neguak leunak dira, 10 eta 22 gradu zentigradu arteko tenperaturekin.

Industria da herriko ekonomiaren ardatz nagusia, ondoren zerbitzuak eta azkenik lehen sektorea edo nekazaritza.

Urbia, Oñati

Bide sarea

Oñatiko udalerria inguruko herriekin lotzen duen errepidea GI-2630 dugu. Bide hori, San Prudentziotik Zumarragaraino doa, Oñatiko harana zeharkatuz, eta gainontzeko bide sareekin egiten du bat. Errepide hori ardatz garrantzitsuena izanik, beste bide bat Arantzazura doa, eta garrantzi gutxiagoko beste batek Zañartu harana zeharkatzen du, Urrexolaraino iritsiz.

GI-2630 errepideak lotuneak ditu San Prudentzion eta Zumarragan: San Prudentzion Debagoienako errepide garrantzitsuenarekin (GI-627) egiten du bat eta, beste muturrean, Zumarraga aldean, beste sareko errepideekin.

 

 

Ikusi mapa handiagoa