Herri bat eraikitzen

Erdi Aroa Oñatin

XV. mendeak Oñatiko Jaunaren ahuleziaren hasiera dakar. Erdiaroan Oñatiko eta Gipuzkoako bilakera ez datoz bat. Oñatiren iharduera ezin da ulertu jaunaren menpekotasun barik, Gipuzkoaren iharduera hiribilduen garapen prozesu barik ulertu ezin daitekeen bezala. Ezberdintasuna nabaria da oñatiarron askatasun maila hiribildukoekin ezin da parekatu.

XV. mende aurretik, historia ulertzeko dauden aztarnak gutxi dira. Ez dakigu garai honi buruz ezer askorik. Izan ere, orain gutxi arte egiazkotzat hartzen zen dokumentu garrantzitsuena, Oñati 1149 urteaz geroztik Jaurreri dela zioena, badirudi ez dela urte horretan idatzitakoa, ehundaka urte batzuk beranduago baizik.

Lehendabiziko dokumentu fidagarria XIV. mendekoa da eta Oñatiri buruzko datu fidagarrienak bertetik atera daitezke.

Oñatiko harana Erdiaroko iluntasunean murgilduta, zenbait jaun feudalen menpean zegoen; Zumeltzegi torrean bizi zen Oñatiko Kontea, Garibai, Olakoa, Urain edo Lazarraga dorretxeen jabeak. Gizaldietan zehar, zenbait gizatalde, artzantza lagata, nekazal lanetan hasi zen. Oñatin dauden baserri gehienen lehen eraiketa garai honetakoa da.

Itzelezko sute baten ondoren (1489 urtean izandakoa) San Migel enparantzan Batzar Nagusia ospatu zen urte horreteko otsailaren 22an eta erretako etxeak -Kalebarria, Santa Marina eta Mendiko auzoa- nola berreraiki aztertu zuten. Lehenik eta behin, gastuak herritar denek ordaindu beharko zituztela aditzera eman zen. Horretarako egin zen zerrendaketan azaltzen dira aipatutako auzo eta kaleak:

  • Zubillaga, 19 auzotar.
  • Balenzategi (Antsolopetegi), 36.
  • Garibai, 27
  • Eleazarraga (Torreauzo), 21.
  • Zañartu, 41.
  • Bolibar (Goribar), 29.
  • S. Pelaio (Garagaltza), 19.
  • Urrejola (Urrexola), 15.
  • Laharria (Larraña), 46.
  • Olabarrieta, 56.
  • Murgia, 51.
  • Berezano, 22.
  • Lesasarri (Lezesarri), 14.
  • Uribarri, 47.
  • Araoz, 44

Guztira 1.948 bizilagun bizi ziren auzoetan, biztanleko osoaren %50a.

Bizibidetzat nekazaritza -garai eta gaztaina- eta abeltzantza -txerria- zuten. Neguan zenbait baserritan ikazkintzan aritzen zen.

Hirigunean berri hauek bizi ziren:

  • Kalebarria, 161 auzotar.
  • Kalezaharra, 225 auzotar.
  • Santa Marina, 93 auzotar

Kaletarren bizibidea artesuatza zen nagusiki. Hala ere, inguruan zeuden burdinolei esker ustekabeko indarra hartzen ari zen burdingintza. Nekazaritza eta abeltzantzari -hau da lurrari- hain lotuta ez egoteak kaletarrei nolabaiteko askatasun ekonomikoa ematen zien -lur gehienak, errotak, holak... denak kontearenak ziren-. Jaunaren boterea ahultzeko zenbait ahalegin izan ziren garai hauetan. Horietako saiakera bat udal ordenantza edo kapituladoak idaztearena izan zen.

 

Errege Katolikoek onartuko herri ordenantzak

1480. Errege Katolikoek onartuko herri ordenantzak

 

XV. mendetik XIX. mendera

XV. mendetik aurrera, ez bakarrik Oñatin, Gipuzkoa osoan aldaketa nabaria gertatu zen: ahaide nagusien boterea ahulduz zihoan einean herri eta probintzi mailako erakundeek poliki poliki indarra bereganatzen zuten. Gizartea eta ekonomiak ere aldaketan jasan zituzten. Aberats kasta berri bat moldatzen zihoan, ondasunak lurraren hustiaketagatik kanpo lortu zituztenak. Talde sozial berri honek eta ahaide nagusien enborreko talde "birmoldatuek" herrietako eta probintziako (Batzar Orokorrak) botere guneak bereganatzen saiatuko dira, eta era berean, beraien arteko harremanak sendotzen, ezkontza interesatuen bitartez, nagusiki.

Oñati, esateko, merkatal gune garrantzitsu bihurtu zen. Hala ere, baserritarren bizikideak nekazaritza eta abeltzantza izaten jarraitzen zuen, nahiz eta aldaketa batzuekin. XVII. mendean zehar gariari artoak lekua kendu zion. Eta abeltzantzan, txerriak -"eskurbeste"- oraindik garrantzia zuen arren, behien ustiaketak aurrera egin zuen.

Herri lurraren oinarria basoa zen. Basoak eskaintzen zizkion baserritarrari suegurra, eraikuntzarako materiala, burdinolarako ikatza, ongarria -orbela-, larrea, gaztainak...

Herri lurren jabe Udala zen -Kontzejua-. Udalari, halaber, bertatik zetozkion zorrak ordaintzeko diru sarrera nagusienak. Batzuetan gastu horiek jasanezinak izaten ziren, batez ere gerrate garaian, eta orduan herritarrak, udal gastuak estaltzeko, herri lurrak saldu beharrean aurkitzen ziren.

Nekazariak alde batera, Oñatin bazeuden beste gizatalde batzuk: Merkatalgizonak, funtzionarioak eta absentistak. Hirugarren hauek errentei esker bizi ziren. Artesauak eta ola-gizonak ere -puntapaixak, goldak, pikoak egiten zituztenak- ugariak ziren. Merkatalgizonez hitzegin dugu. Oñati Deba arroko burdinaren merkatalgunerik garrantzitsuena izan zen XVI. gizaldian. Garai honetarako makina bat errementari zeuden herrian, baita Zubillagako auzoan burdinola bat ere. Batez ere Legazpiko Mirandaolako -burdinola- burdina komertziatzen zen. Bi norabide zeuzkan: Gasteizera, Arantzazu edota San Juan Artixatik, eta Debara, Pasaiako portura bidean, handik Lisboa edota Sevillara garraiatzeko. Errementariak nagusiki herri barruan egiten zuten lan; Rua Berri, Rua Zaharra eta Santa Marinan. Honek su arriskua ugaritzen zuen.

 

Auspoa. Olabarrietako auzoa

Auspoa. Olabarrietako auzoa.

 

Beren labeetatik produktu ugari atera oi ziren. Perrak, puntapaixak -eraikuntzarako eta itsasontziak egiteko-, labanak. zartaginak. haizkorak eta arma zuriak. Ospe haundikoak izan ziren garai batean Oñatiko arma zuriak, Europa eta Espainia osoan. Debatik Santanderrera, Flandesera eta Donostiara zabaltzen ziren; Gasteiztik, aldiz, Burgos, Madrid, Cartagena edo Granadara.

Merkatal mugimendu oparoa zela eta, Oñatiko famili ezagunak azaltzen zaizkigu zeregin horietan; Kanpia-zelai-Lazarraga, Juan de Yarza, Ibañez de Alegria, Tobalina, Larrinaga, Soraluze...

Ezin ahastu, bestalde, barkineroen garrantzia Oñatin. Barkinak edo auspoak beharrezkoak ziren errementerietan. Hainbeste errementeri egonda, ez da arraroa auspoak egiteko eta komertziatzeko merkatalgunea izatea Oñati. Idigoras, Mendizabal edo Avendaño herriko familiek auspogintzarako behar zen gaiaren -larrua nagusiki- komertzioa zuzentzen zuten. Larrua Segovia, Burgos, Valladolid, etabarretik zetorren, eta bailara guztian banatzen zen.

Herriaren agintea

Herriaren moldaketa politikoak bi era izan ditu. Alde batetik Kontzeju Irekia izenarekin ezagutzen dena: Herritar guztiek parte hartu zezaketen. Leku irekian izan ohi zen. Erabakitzeko formula honek apurka apurka indarra galdu zuen eta Kontseju Itxia izeneko sistemaren mesederako. Azken honetan herritaren ordezkariek hartzen zituzten erabakiak, eta hautagai izateko baldintza batzuk bete beharra zegoen, besteak beste millarista -aberatsa- izatea.

Hirigintza

XV. mende aurretik eraiki ziren baserri gehienak XV-XVII gizaldietan berritu eta hobetu egin ziren. XVIII. gizaldian berriz, baserrien erakuntzan urrezko aro berria etorri zen, izan ere baserri berri asko eraiki zen. Hirigunea zabaldu eta dotoretuz zihoan. Herritar ospetsuek bultzatuta, Unibertsitatea, San Migel parrokia, Bidaurretako monastegia, eraiki ziren. Santa Marina enparantzaren inguruan ere etxe berria eraiki ziren, guztia inguratuz.