Araudia

Oñatiko emakumion kontseiluaren eraketa eta funtzionamendua arautzeko ordenantza

Ordenantza kokatzeko zenbait gako:

Lankidetza publiko sozialaren logikan eraikitako ordenantza

Oñatiko Emakumion Kontseiluari udalaren mendeko parte-hartzeko organo arautuen izaera eman bazaio ere, udal honek parte-hartzea ulertzeko eta praktikara eramateko duen ikuspegiaz baliatuta, lankidetzarako guneen berezko ezaugarriak aitortu zaizkio (autonomia, antolatzeko gaitasuna, dinamikotasuna, malgutasuna...), udalaren menpeko organoek dituzten estutasunak gainditzeko helburuarekin.

Politika publikoak egiteko modu berri batean kokatutako ordenantza

Politika publikoek beharrezko dute genero ikuspegia txertatzea euren hezur-muinean, politika justu eta eraldatzaileak eraiki nahi badituzte. Eta erronka horren aurrean, geroz eta nabarmenagoak dira instituzioen mugak. Oñatiko Emakumion Kontseiluak egiteko era berri bat aurkezten digu bide honetan, bi aldeen arteko konpromisoan oinarrituta eta onura orokor bat sortu eta gizarte bidezkoago eta berdinzaleago bat helburu duena.

Ardura konpartitua aitortzen duen ordenantza

Araudi honek arreta berezia eskaini nahi izan dio kontseiluaren eragiteko gaitasunari eta udal mailan bere jarduna txertatu ahal izateko bermeak eta baldintzak ezartzeari. Horregatik, bi aldeen konpromiso eta betebeharrak ezarri dira, eta bereziki zehazten ditu udalari dagozkion helburu operatibo eta instrumentalak.

Hala, udalaren ardura izango da, besteak beste: kontseiluan parte hartzeko bideak irekitzea, kontseiluaren jarduna sozializatzea eta balioa ematea, udalaren lan-moldeetan txertatzeko bidea egitea eta beharrezko dituen baliabide tekniko eta ekonomikoz hornitzea.

Kideen arteko hierarkiarik eza bermatzen duen ordenantza

Kontseiluko kideen arteko harremana horizontala izatea garrantzitsutzat jo da kontseiluaren eraketa prozesu osoan zehar. Ordenantza honek harremanen horizontaltasun hori zaindu nahi izan du, eta hala, saihestu nahi izan ditu kideen arteko hierarkiak ezarriko lituzkeen antolaketa moldeak: elkarteen ordezkaritza bidezko parte hartzea, edo kontseiluak elkarte izaera hartu beharra bere jarduna formalizatzerako orduan…

Erabilitako formulan, lehendakari bat eta idazkari bat izendatu behar izan dira, eta horiek udaleko ordezkariak izatea erabaki da, kideen arteko hierarkia ekidinez. Era berean, lehendakariaren papera era figuratiboan planteatu nahi izan da, kontseiluari berari aitortuz bere jardunaren inguruko erabakimen osoa.

Erabakimenean baino, eragitean fokua jartzen duen ordenantza

Oñatiko Emakumion Kontseiluaren erabakimena kokatzeko eta nolabaiteko bermeak emateko ahalegina egin bada ere, eragiteko ahalmenean jarri nahi izan da fokua: “kontseiluaren azken helburua politika publikoetan inpaktua izatea baldin bada, herritarrengan eragin handiagoa duten gaietan eragiteko gaitasunari erreparatuko zaio gehiago, inpaktu txikiagoko gaietan erabakimena izateari baino. Inpaktua erabakimenaren gainetik jartzen da, Emakumion Kontseiluaren jarduna erabakigarria eta eraldatzailea izan dadin”.