Lehen gerrate karlista 1833-1839

Lehen gerrate karlista 1833-1839

Espainiako Fernando VII.a hil zenean, haren 1830eko Santzio Prakmatikoak ezartzen zuen ondorengotzari buruzko liskarra piztu zen. Alde batetik liberalak, Fernandoren alaba Isabel II.aren alde; eta bestetik, karlistak, Fernandoren anaia Karlos Maria Isidroren alde. Espainian, Absolutistek antzinako erregimena defendatzen zuten eta karlisten inguruan bildu ziren; Eliza katolikoari lehengo pribiligioak eman nahi izan zizkion eta Foruen alde egin zutenez herri xehearen babesa izan zuten. Liberalak, ordea, Iraultza Frantsesaren ideien aldekoak ziren, eta elizaren boterea murriztu nahi zuten. Burgesia liberalen inguruan bildu ziren.

Lehen matxinada Talavera de la Reinan piztu zen eta gatazka berehala zabaldu zen Hego Euskal Herrian. Donostia eta Iruñea militarren esku zegoen, beraz, gobernuko isabeldarren menpe. Bilbo eta Gasteiz, ordea, liberal apur batzuen esku zegoen eta karlistek berehala menperatu zituzten. Hortaz, Gasteizen egin zen Don Karlosen aldeko lehen altxamendua: urriaren 3an, korrejidorea batetik eta diputatua Uhagon atxilotu zituztenean bestetik. Ondoren, Urduña eta Balmaseda altxa ziren eta liberalek Portugaletera ihes egin behar izan zuten. Nafarroako Urantzian izan zen lehendabiziko bataila; liberalek, urriaren 6an karlisten Santos Ladron Zegama buruzagia eta beste hogeita hamar soldadu atxilotu zituzten. Nafarroan ez zuen karlisten altxamenduak arrakastarik izan, Espoz Mina erregeorde zen eta karlisten kontra egin zuen. Hurrengo altxamendua Araban izan zen. Gipuzkoak karlisten alde egin zuen bitartean, Donostia liberalen gune zen. Nafarroako erregeordeak gerra-egoera deklaratu zuen erresuman, eta urriaren 10ean, Santos Ladron fusilatzeko agindua eman zuen. Eraso eta Iturralde buruzagi karlista berriak altxamendua bultzatzen saiatu ziren eta indarra hartzen hasi ziren.

Don Karlos Espainiara iritsi eta administrazioa berrantolatzen hasi zen. Karlisten eta liberalen aldeko bandoak oso nabarmenak izan ziren Euskal Herrian; liberalen aldekoak hiritarrak ziren eta karlisten aldekoak nekazariak batez ere. Jarrera horien azpian gizarte desberdinen isla zegoen: tradizioaren aldekoak eta aurrerapenaren aldekok, alegia. Fernando VII.aren laugarren emaztearen aldeko Kristinatarrek, haren eta infanta Isabel II.aren inguruan, alderdi moderatu bat sortzeko beharra ikusi zuten. Liberalak 1823az geroztik politikatik kanpo zeuden, eta horien laguntza lortzeaz gain, kontserbadoreak, moderatuak eta progresistak ere bildu zituzten. Talde heterogeneoa zen: Frantzia, Ingalaterra, Espainia eta Portugalek osatutako 1834ko Aliantza Laukoitzaren armadaren laguntza izan zuten. Karlisten taldea, ordea, homogeneoagoa zen; erregetiar eta nekazariez osatuta zegoen batik bat, eta Austria, Prusia, Errusia eta Napoliren laguntza morala zuen. Hego Euskal Herria karlismoaren gune garrantzitsua izan zen. Karlistadek ondorengotza-eskubideak argitzeaz aparte, arazo ideologikoak azaleratu zituzten. Karlistak foruen, tradizioaren eta erlijioaren babesle ziren, liberalak estatu-zentralismoaren aurrerapenaren alde zeuden bitartean. Karlismoak ez zituen inoiz hiri handiak konkistatu, setiatu bazituzten ere. Anjel Sagaseta sindikoa Valentziara erbesteratu zuten (1834).

Karlistada hiru aldi nagusitan egin zen. Lehenengoan, Zumalakarregi buru zutela eta bataila handiegirik gabe, karlistak nekazal lurren jabe egin ziren. Lehen bataila Berrotzan izan zen (abenduaren 29an); gero Ameskoa, Orreaga, Zaraitzu, Erronkari eta Orbaitzetako-ola bereganatu zituzten, Portugalete setiatu eta Gasteizera sartu ziren. Liberalak Gasteizera abiatu zirenean, karlistek hiria utzi egin zuten. Zumalakarregik liberalak behin eta berriz garaitu zituen; Baztangoa izan zen batailarik garrantzitsuena (1835). Hego Euskal Herria karlisten esku geratzen ari zen, hiriburuak salbu. Don Karlosek Bergaran ezarri zuen kuartel nagusia; Bilbo erasotzea baitzen hurrengo helburua. Zumalakarregik Lutxana, Abando eta Deustua bereganatu zituen, Bilboren setioari ekiteko (ekainaren 13an). Ekintza horretan (ekainaren 15ean) Zumalakarregi zauritu eta 24an hil egin zen.

Bigarren aldia hasi zen orduan; karlisten artean diferentziak zeuden eta liberalak hiriburutik kanpo garaipenak lortzen hasi ziren: Mendigorriako bataila (1835 - VII - 16), Jurramendiko Gudua (XI - 17). Karlistak Bilbo setiatzen saiatu ziren, baina Espartero liberalak setioa gainditu eta Bilbora sartzea lortu zuen. Karlistek Gipuzkoan garaipen garrantzitsua izan bazuten ere (Oriamendiko bataila, 1837ko martxoan), lehendik lortutako plazak galtzen hasi ziren: Hondarribia, Oiartzun, Andoain, Irun etab. Iruñean sarjentu liberalak hiru hilabetez soldata kobratu gabe zeudela-eta piztu zuten Iruñeako altxamendua.

Hirugarren aldia hortik aurrera hasi zen; karlismoaren barne-krisia izan zen aldi horren ezaugarri nagusia. Hego Euskal Herrian erdia karlisten esku bazegoen ere, hiriburuak liberalenak ziren eta karlistek ez zuten borrokarako adorerik. Egoera horretan, karlistei uko egin eta foru-erakundeak mantentzearen aldeko akordioa lortzea zen liberalen helburua. Maroto, karlisten burua, Esparteroren laguntzaileekin elkarrizketatzen hasi zen. Muñagorrik akordioa bultzatu zuen, "Bakea eta Foruak" lemapean. Liberalekin akordioa lortzearen kontra azaltzen ziren karlistak fusilatu egin zituen Marotok. Bergarako Hitzarmenak eman zion amaiera Lehen Gerra Karlistari (1839 - VIII - 31). Don Karlosek amore eman eta Dantxarineatik barrena Frantziara ihes egin zuen. Hogeita hamahiru urte geroago Bigarren Gerra Karlista piztu zen (1872 - 1876).

Iturria: www.puntubi.com. 2005