- https://www.xn--oati-gqa.eus/eu/agenda/jose-antonio-azpiazuri-omenaldia
- Jose Antonio Azpiazuri omenaldia
- 2026-05-29T19:00:00+02:00
- 2026-05-29T19:00:00+02:00
- Artixa kultur elkarteak antolatuta Oñatiko udalaren babesarekin
Jose Antonio Azpiazuri omenaldia
- 2026-05-29T19:00:00+02:00 2026-05-29T19:00:00+02:00
- Kultur etxeko zinema aretoan
Filosofia ikasketak amaitu berritan Julio Caro Baroja antropologo eta historialari handia ezagutzeko zoria izan zuen, eta hark ireki zion, hein handi batean, ikerketarako bidea. Gerora, 40tik gora liburu, bereak, talde-lanean idatzitako beste dozena bat lan, eta makina bat artikulu idatzi ditu Jose Antonio Azpiazuk.
Hango eta hemengo artxiboetan arakatuz, oraintsu arte ezezagunak ziren hainbat kontu eman ditu argitara, batez ere XVI eta XVII. gizaldietako euskal herritarren bizimodu eta bizibideez. Horietako batzuk harrigarriak: kortsario eta piraten ingurukoak, esklaboen trafikoan aritzen ziren euskal merkatariez, euskal emakumeek garai haietan zuten rol garrantzitsuari buruzkoak... Gure gizartea eta kultura aberasten lagundu duten ikerketa lanak, denak ere.
Maiatzaren 29an, ostirala, egingo da Jose Antonio Azpiazuri eskainitako omenaldi ekitaldia, kultur etxeko zine aretoan, 19:00etan. Artixa kultur elkarteak antolatutako ekitaldian Udaleko eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kideek –bertako kide numerarioa da Azpiazu– parte hartuko dute, bere ibilbide pertsonal eta profesionalean egindako beste zenbait lagunekin batera. Azpiazuren ibilbidea laburbiltzen duen bideo bat ere egongo da, eta, jakina, musika ere ez da faltako, horixe baita protagonistaren zaletasun kuttunetako bat. Ekitaldi xumea baina beroa izango da, bihotzez egindakoa, antropologo, historialari eta idazle nekaezin honek merezi duen moduan. Herritar guztiei irekia izango da. (Kontzejupetik aldizkaria)