Hurretik: Oñatiko herri curriculuma

Hurretik-logoa

OÑATIKO HERRI CURRICULUMA SORTZEN

2014 urtean Oñatiko Udalak, herriko ikastetxeek eta bertako Guraso elkarteek azken urteetan darabilten elkarlanaren balorazioa egin zuten. Balorazio horren ondoriorik garrantzitsuenak honako hauek izan dira: Agente guztiek gaur arteko elkarlan dinamika aberasgarria dela baloratzen dute eta gai edo egitasmo berriak elkarlanean martxan jartzeko borondatea dago.

2015erako, beste batzuren artean, Oñatiko Herri Curriculum-a osatzeko  elkarlanak hartu du lehentasunezko izaera.

Baina zer da Oñatiko Herri Curriculum-a?

Gaur egun, teknologia berrien bidez, eskuragarri daukagu mundo osoko Informazioa, klik gutxi batzuk eginez. Pantaila aurrean leiho birtualak zabalduz gai gara mundua ikusteko. Baina aldi berean, konturatzen gara gure herria ezagutu ere ez dugula egiten, horren gertu daukagunaren inguruko ezagutza urrun dagoela ikusten dugu.

Horrekin batera gure herriari buruzko Informazioa sakabanatuta dago jasoa eta zaharkituta kasu askotan, eta esan genezake sarri belaunaldi batetik bestera pasatu ere ez dela egiten.

Oñatiko Kultur Ondarea belaunaldi berriei transmititzeko egitasmoa da Oñatiko Herri Curriculum-a, aldi berean herritartasuna lantzen duena. Hau da, belaunaldi berriek herriari buruz zer ezagutu beharko luketen zehaztu eta ezagutza hori modu pedagogiko batean ikastetxeen bitartez modu bateratuan material egokiak izanda transmititzera heltzea helburu lukeen prozesua. Baina prozesu honetan hezkuntza eragileez gain Kultur eta gizarte eragile guztien parte hartzea, herritarrona, beharrezkoa da.

Eredugarritzat jotzen diren hiru herritako bidea ezagutuko dugu jardunaldi honen bitartez, Arrasate, Orio eta Azpeitian egindako bidea hain zuzen. Jardunaldi irekia da eta Oñatiar guztiak daude parte hartzera gonbidatuta.

Besteen esperientziak ezagututa Oñatiri, guri, gure bidea adostea egokituko zaigu gero.