Oñatiko udala

Ohiko galderak

Nork har dezake parte?

Proposamena Oñatin bizi den edonork egin dezake.

Bozkatzeko, Oñatin erroldatua eta 16 urtetik gorakoa izan behar da.

Zer behar da parte hartzeko?

Ez da ezagutza berezirik behar parte hartzeko.

Zure egunerokoan herriko zerbitzuak, azpiegiturak eta baliabideak erabiltzen dituzu. Erabilera horrek herria ondo ezagutzera eramaten zaitu eta ezagupen horrek, aldi berean, gure herriak dituen beharrak identifikatzeko gaitasuna ematen dizu.

Nola har dezaket parte?

Partaidetzazko Aurrekontuetan hainbat modutan parte har dezakezu:

  • Proposamenak eginaz.
  • Proposamenak lehenetsiaz.
  • Botoa eman eta erabakiz.

Norberak erabakitzen du prozesuarekiko inplikazio maila eta fase guztietan parte hartu ala ez.

Zenbat diru jartzen da herritarren eskura eta nola banatuko da?

Udal aurrekontuak bi alderdi ditu: gastuen atala eta diru-sarrerena. Partaidetzazko prozesu hau gastuen atalera mugatzen da.

2026 eta 2027 urteetako aurrekontuetarako 600.000 € erreserbatu ditu Oñatiko Udalak. Horregatik, proposamenak ezin izango dira denboran luzatu eta 2028 edo hurrengo urteetako gastuetan sartu.

Zer proposa dezaket?

Premia zehatzei aurre egiteko alor askotariko proposamenak egin daitezke: kultura, mugikortasuna, ingurumena, berdintasuna, hirigintza, gazteria, kirola, …

Baldintzak

Proposamenek bete beharreko baldintzak:

  • Udalaren eskumenekoa izan behar du.
  • Bi urtetan exekutatzeko modukoa izatea eta egiturazko gastu nabarmenik ez ekartzea.
  • Interes orokorrekoa izatea eta onura publikoa ekartzea.
  • Bideragarritasun teknikoa eta juridikoa gainditzea.
  • Gastua 225.000 €-koa baino handiagoa ez izatea.
  • Aurretik planifikatuta ez egotea edo dagoeneko exekuzioan ez egotea.
  • Partaidetza prozesu baten emaitza ez ezabatzea.
  • Baztertu egingo dira orokorregiak diren proposamenak eta propositiboak ez direnak.
  • Ezingo da proposatu proiektua abiatzea baldintzatuko duen enpresa, pertsona edo baliabide zehatzik.

Proposamenak aztertzeko momentuan, Udalak proposamenak multzokatuko ditu beren ezaugarrien arabera, betiere premia zehatzei aurre egiteko badira.

Inbertsioekin zerikusia duten proposamenak.

Udalak eraiki, eraberritu edo eros dezakeena eta denboran iraun dezakeena da inbertsioa.

Adibidez:

o Lehendik dauden ekipamendu publikoak edo azpiegitura publikoak birgaitzea, eraberritzea, handitzea, egokitzea, hobetzea edo hornitzea.
o Neurri txikiko ekipamenduak eraikitzea.
o Espazio publikoak berrezartzea eta hobetzea.
o Azpiegiturak eta hiri-altzariak eraberritzea, handitzea, egokitzea, hobetzea edo hornitzea.

Inbertsioak ez diren gastuekin zerikusia duten proposamenak

Bestelako proposamenak ere egin daitezke, betiere urte batean gauzatu badaitezke, denboran luzatu gabe.

Adibidez:

o Ikastaroak, ekitaldiak, kanpainak, jarduera bereziak …
o Azterlanak edo ikerketak egitea.

Baztertzekoak:

Baztertu egingo dira proposamen hauek: langileak kontratatzeari buruzkoak (plantillak handitzea, plantillaren ordutegiak …), zerbitzu berriak sortzeari buruzkoak (aholkularitza, laguntza, jarduera programagarriak, sentsibilizazio- edo prestakuntza-programa jarraituak, etab.), bekak, diru-laguntzak, hitzarmenak (ikasketengatiko bekak, erakundeekin hitzarmenak, laguntzak eta diru-laguntzak handitzea edo berriak sortzea, etab.) edo ekipamenduen eta azpiegituren alokairuei buruzkoak.

Horrez gain, ezingo da proposatu proposamen bat abiatzea baldintzatuko duen enpresa, pertsona edo baliabide zehatzik. Udalak, Sektore Publikoko Kontratuen 9/2017 Legearen arabera jardun behar du, lehia askea sustatuta. 

 

Nolakoa izan behar du nire proposamenak? Nola idatzi behar da?

Hizkuntza erraza erabiliz deskriba ezazu proposamena, zure hitzak erabiliz, ez duzu zertan hitz teknikorik erabili. Baina saiatu proposamen zehatz bat egiten eta ahalik eta informazio gehien ematen, baloratzeko eta lehenesteko errazagoa izango baita.

Proposamenaren egilearen kontaktua uzteko eskatzen dugu, proposamenarekin zerikusia duen kontsultaren bat edo zalantzaren bat argitu behar denerako. 

Ez da derrigorrezkoa kontaktua ematea, baina kontakturarako aukerarik ezean, jasotako proposamena irakurtezina edo ulertezina bada ez du aurrera egingo; edo proposamenaren inguruko argibideren bat beharko bagenu eta ezin bagara zurekin harremanetan jarri, proposamena albo batera utzi behar izatea gerta liteke.

Zenbat proposamen egin ditzaket?

Ez dago mugarik. Norberak nahi beste proposamen egin daitezke.

Elkarte edo talde batek egin dezake proposamena?

Proposamenak norberaren izenean edo elkarte edo talde baten izenean egin daitezke, baina proposamen guztiek balio bera dute.

Nora jo dezaket zalantzak argitzeko edo arazoak baditut?

Oñatiko Udalean galdetu dezakezu, edo 943 78 04 11 edota 010 (Oñatitik) telefonoetara deitu.

126 luzapena markatuta edo 688 679 460 mugikorrean zuzenean hartuko zaitugu. 

Emailez nahigo baduzu, partaidetza@onati.eus helbidera idatzi. 

Zeintzuk dira gogoan hartu beharreko datak?

Egutegia:

  • Proposamenak egin: irailak 8 – irailak 28
  • Proposamenak lehenetsi: urriak 13 – urriak 22
  • Proposamenak aztertu: urriak 27 – azaroak 30
  • Proposamenak bozkatu: urtarrilak 12 – urtarrilak 30

Fase bakoitzaren ostean publiko egingo dira emaitzak.