Zer da?

Laburrean esanda…

Oñatiko udalak, prozesu bat abiatu du herritarrei aukera emanez diru publikoaren zati bat zertan inbertitu erabakitzeko. Udalbatza osatzen duten alderdi politiko biek (EHBILDU eta EAJ/PNV) adostutako ekimena da, eta apiriletik azarora arte luzatuko da.

Adostasun politikoz hala erabakita, “Partaidetzazko Aurrekontuak 2019 eta 2020” ekimenaren bidez 500.000 € bideratuko dira (250.000 € urte bakoitzeko) oñatiarrek proposatu eta aukeratzen dituzten proiektu edo egitasmoak gauzatzeko.

Lehen fasean Oñatin dituen beharrak adieraz eta horien araberako proposamenak egiteko aukera izango da. Proposamen hauek lehenetsi eta baloratu ostean, bozketa fasera igaroko dira horietako batzuk. Bozketatik lortuko den emaitza loteslea izango da. Hau da, partaidetza prozesuaren honen amaieran, herritarrek erabakitako proiektuak 2019 eta 2020 urteetan gauzatzeko konpromisoa hartu dute EHBILDU-k eta EAJ/PNV-ek.

Udalak azaroan-abenduan hurrengo urteko aurrekontuak prestatuko dituenerako, herritarrek egindako proposamenak bozketa fasera iritsita egongo dira eta horiek aurrekontuetan txertatzeko konpromisoa hartu dute bi alderdi politikoek.

Udal aurrekontu orokorrak

Urtearen amaierarekin batera, hurrengo urterako aurrekontuak prestatzen hasten dira udalak. Hauek oinarri hartuta definitzen dira urteko plangintza eta bultzatuko diren ekimen eta proiektuak.

Labur esanda, aurrekontu orokorrak udaleko dokumentu ekonomiko nagusia dira eta bertan urte horretarako aurreikusten diren diru-sarrera eta gastuak islatzen dira. Hots, udalak kudeatzen duen diruaren jatorria eta zertarakoa zehazten dira. Hala, diru sarreren aurreikuspena oinarri izanda eta udalaren osasun ekonomikoa aintzat hartuta, urte horretan zenbat diru, udaleko zein sailek eta zertan gastatuko den zehazten da.

Udal aurrekontuek urte natural bateko iraupena izaten dute, urtarrilaren 1ean hasi eta abenduaren 31a arte.

Oñatiko udalaren gastuen atala 20 milioi €-koa izaten da gutxi gorabehera. Aldizkako izaera duten edota errepikakorrak diren gastuen ondorioz, gastuen atalaren zatirik handiena ia lotuta egoten da. Gutxi gorabehera, gastuen atalaren zenbatekoaren % 10ean eragiteko aukera izaten da.

Partaidetzazko aurrekontuak

Udal aurrekontuak tokiko politika ekonomikoaren lehentasunak islatzen dituen tresna izanik, eragin handia dute komunitatean eta herritarren bizi baldintzetan. “Partaidetzazko Aurrekontuak” prozesuek gastu publikoaren inguruko eztabaidan eta erabakian udal ordezkariez gain herritarrek ere parte hartzea ahalbidetzen dute. Ekimen honek herritarrei udal aurrekontuaren zati batean eragiteko aukera ematen die.

Partaidetzazko Aurrekontuen esperientzia mordoa dago munduan zehar eta gure inguruan ere asko ugaritu dira denbora oso gutxian, ezaugarri eta ezarpen modu ezberdinekin. Horregatik, esperientzien zaku horretan mota askotariko prozesuak aurki daitezke.

Aurten, udalbatza osatzen dute bi alderdi politikoek (EHBILDU eta EAJ/PNV) horrela adostuta, Oñatiko Udalak 2019 eta 2020 urteetako udal aurrekontuetako 500.000 euro herritarren esku utziko ditu zertara bideratu erabakitzeko (250.000 € 2019rako, eta beste hainbeste 2020rako). Udal aurrekontuaren zati bat eztabaidagai eta erabakigai jartzeko partaidetza prozesua maiatzean hasiko da eta abenduan bukatu.