Kultur eta natur ondarearen transmisioa
Garai bateko lanbideak eta horiek inguru naturalarekin izan zuten harremana, elkar nola eragin duten ezagutuko dugu.

Ondare etnografikoa eta natura baliabideak
Garai bateko lanbideak eta horiek inguru naturalarekin izan zuten harremana ezagutzeko, Oñatiko herriguneko zenbait kale eta auzoetan barrena ibiliko gara: Errementari plaza, Mendiko kale, Txokolateixia, Olapotoko karobia… Natur Eskolako erakusketan hainbat lanbidetan erabiltzen ziren erremintak eta erlategia ezagutu ondoren, erleei buruzko bideoa ikusi eta argizarizko kandelen tailerra egingo dugu.
Paisaiaren interpretazioa
Paisaia behatuta eta aztertuta, elementu eta ezaugarri nagusiak identifikatu eta giza jarduerekin duten lotura eta ondorioak ezagutuko ditugu. Ibilaldia egingo dugu herrigunean edota Arantzazu auzoan. Elementu naturalak zein antropikoak eta paisaiaren egitura konplexutasuna aztertuko ditugu. Ibilbidean zehar behatzen diren leku-izen edo toponimoak ere jasoko ditugu.
Baserri ingurunea
Baserri inguruko jarduerak eta abereak ezagutzeaz gain, paisaia eta biodibersitatea kontserbatzeko orduan duten garrantziaz jabetuko gara, baita gure bizi kalitatearekin duten loturaz ere. Ibilaldia egingo dugu baserri inguruetan, ardiak, zerriak, behiak, zaldiak, oiloak… ikusi eta bertako bizimodua ezagutzeko. Ibilaldiarekin lotura eginez, aukera dago arratsaldean Natur Eskola ikusi eta tailerra egiteko: argizarizko kandela, ogia, hazi-landaketa edota animalien kareta.
Uraren erabilera, garai batean
Urak naturan eta gure eguneroko bizitzan duen garrantzia eta garai bateko eta gaur egungo uraren erabilerak ezagutuko ditugu Natur Eskolatik Olabarrieta auzora egingo dugun ibilbidearen bidez: errotak, puxeta-lekuak, linapotzuak… Garai batean arropa garbitzen zen modua probatzeko aukera ere izango dute ikasleek puxeta-harrian.
Euskal mitologia eta natura
Arantzazu auzoan ibilaldia, euskal sinesmen zaharrak naturarekin zuten harreman estua ikusteko. Aztarna toponimiko eta paleolitikoei jarraika eta auzoan eta herrian jasotako kondairez baliatuz, euskal mitologiari sarrera egingo diogu, Aizkirri koba bisitatu, Jentilen pasealekutik pasa eta Arantzazuko plazan amaitzeko.
Zuhaitz motzak: LIFE + Biodibertsitatea
Ondare natural eta kulturala batzen dituen zuhaitz motzen inguruko jarduera honetan, Iturrigorri edota Artaso basoan barrena, zuhaitz motzak zer diren, horien bilakaera, erabilerak eta garrantzia kultural zein ekologikoak landuko ditugu. Baso horietan abiarazitako Biodibetsitatea eta Zuhaitz Motzak LIFE proiektua ezagutzeko aukera ere izango dugu.
Ur-zulo eta uraren erabilerak
Ingurumenaren kontserbazioari eta garapen jasangarriari lotutako uraren erabilera eta kudeaketak ulertzeko, bai historian zehar bai gaur egun, ibilbidea egingo dugu Oñatiko Urzulo iturburura, Ubao erreka jaiotzen den lekura. Ur-erroten eta zentral hidroelektrikoen funtzionamenduaz gain, XIX. mendean edateko ura Oñatiko kaleetako iturrietara eramateko sortu zen azpiegitura berezia ere ezagutuko dugu.