Oñatiko udala

Biodibertsitatea

Gure inguruko aberastasunaren erakusle dira ekosistemak eta biodibertsitatea, ezinbestean ezagutu eta zaindu beharrekoak.

 

Egin erreserba

basoan gora.JPGUrtaroak

Urtean zehar gure eskualdean gertatzen diren aldaketez jabetu eta horiek bizidunetan duten eraginez ohartzeko, sasoi bakoitzean gertatzen diren prozesuak ezagutuko ditugu; hostoen sorrera/erorketa, loraldia, fruituen heltzea, animalien loaldia/esnatzea, migrazioa… Landutako gaiarekin eta ibilaldian zehar jasotako materialarekin hainbat tailer egiteko aukera dago: sasoiari buruzko murala, fruitu lehorren landaketa, erleek egindako argizariarekin kandela…

 


DSCF7845.JPGEuskal Herriko animaliak

Bertako animalia basatiak ezagutzeko, izendatzen ikasteko, non eta nola bizi diren jakiteko eta haiekiko nazka zein beldurra uxatu eta errespetuzko jarrera sustatzeko helburuarekin, animalia basatien lorratzak, habiak… aurkituko ditugu identifikazio gida eta fitxa didaktikoaren laguntzarekin. Ondoren, animalia horiek bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dugu Natur Eskolan.

 

 


P6120147.JPGLandareak

Landareek ingurumenean dituzten funtzioak ezagutzea eta haien garrantziaz jabetzea da helburua. Horretarako, baso eta baserri inguruetan aurki daitezkeen landareak identifikatu eta ezagutuko ditugu ibilaldian zehar. Haien atalak eta ezaugarriak behatu eta laginak jaso ondoren, gaiari buruzko fitxa didaktikoa eta herbarioa osatuko ditugu Natur Eskolan.

 


hiking-646292_1920-768x512.jpgEuskal Herriko ekosistemak

Ekosistemak nola sortu diren, eta haien egitura zein gordetzen duten biodibertsitatea ezagutzeko eta ulertzeko jarduera. “Atmosferak” entzumen jokoaren bidez, Euskal Herriko ekosistemak eta horiek eratzen dituzten faktore biotiko eta abiotikoak identifikatuko ditugu. Fitxa didaktikoan jasoko ditugu jokoan entzundakoak (marraztuta eta idatziz). Ondoren, baso edo errekara hurbilduko gara ekosistema bertatik bertara ikertzeko.

 

 


DSC_0525.JPGErreka ekosistema aztertzen

Erreka bere osotasunean zer den, zein biodibertsitate izan behar lukeen, giza jarduerak nola eraldatu duen eta egungo egoera nolakoa den ezagutzeko jarduera. Horretarako, ikerketa lanak egingo ditugu errekan bertan: biotopoa (tenperatura, abiadura, norabidea…) eta biozenosia (landaretza eta fauna) aztertu, eta datuak jasoko ditugu fitxa didaktikoan. Ondoren, jasotako datuak interpretatu, eta aztertutako errekaren egoera zein den ikusiko dugu.

 


WhatsApp Image 2026-01-09 at 13.34.13.jpegBaso ekosistema: landaketa ez da basoa

Biologiaren ikuspuntutik baso ekosistema zer den eta bertako basoen kontserbazioak denon ongizaterako duen garrantzia ezagutarazteko jarduera. Fitxa didaktikoa lagun, baso ekosistemaren ezaugarriak ezagutuko ditugu pagadi zein hariztiko ibilbidean: biotopoa, biozenosia eta horien arteko harremanak. Baso natural eta landaketaren arteko desberdintasunak ere ikusiko ditugu bertatik bertara eta bien arteko alderaketa egin, baso landaketen egungo ustiaketa ereduaren abantaila eta desabantailak ezagutzearekin batera.

 


animaliak 1.JPGZomorroak

Inguru hurbileko zomorroak izendatzeko, non eta nola bizi diren edota naturaren orekarako duten garrantzia ezagutzeko eta haiekiko izan dezakegun nazka edota beldurra uxatu eta errespetuzko jarrerak sustatzeko jarduera. Ibilaldian, zomorroak dauden inguruak behatu, dituzten moldaerak azaldu eta laginak jasoko ditugu. Ibilaldiaren ondoren, fitxa didaktikoarekin, jasotako laginen sailkapenerako baliagarriak izango zaizkigun ezaugarriak behatuko ditugu mikroskopioan.

 


ORKATZATEGI.JPGHarkaiztietako biodibertsitatea

Harkaiztietako hegazti dibertsitatea eta sarraskijaleek betetzen duten ekosistema-zerbitzuak ezagutzeko eta balioan jartzeko jarduera. Araotz auzoan haitz horma aurrez aurre daukagula, hegaztien kokalekuak behatuko ditugu teleskopioak erabilita. Hormarantz hurbilduz goazen heinean, hegaztien ezaugarri nagusiak zehaztasun handiagoz ikusten joango gara. Hormaren erdialdean dagoen Atxulo izeneko zulogunera igo, eta, isil-isilik egonez gero, zuloaren bi aldeetara hegaztiak habira nola sartzen diren ikusteko aukera paregabea ere izango dugu.

 


Lupa 1.jpegEgagropilen azterketa, mikrougaztunen identifikaziorako

Espezieen jarraipenerako eta populazioen dinamikarako zeharkako metodoak erabiltzearen garrantzia ezagutu eta egagropilak zer diren, nork sortzen dituen eta mikrougaztunak zein diren jakingo dugu. Diapositiba aurkezpen baten laguntzarekin, ikerketaren marko teorikoa eta prozedura azaldu ondoren, egagropilen disekzioan aurkitutako mikrougaztunen buru-hezurren identifikazioa egingo dugu mikroskopio digitala eta identifikazio gakoak erabiliz.

 

 

Egin erreserba