Udaletxera, gazteleraz soilik iristen diren gutun ofizialak itzuli, bueltatu egingo dira.

2013/02/16
Udal Gobernu taldeak autonomia estatutuan jasota dagoen euskararen koofizialtasuna bete dadin eskatzea erabaki du.

  Espainiako gobernu ordezkaritzatik gaztelera hutsean iritsi diren gutunen haritik hartutako erabakia da hori. Azken hilabeteotan, idatzi eta errekerimendu ugari igorri dizkio Espainiako gobernu ordezkaritzak Oñatiko udalari: Madrilgo gobernuak erabaki dituen murrizketen berri ematea, Espainiako bandera udaletxean jartzeko errekerimendua edota presoen Euskal Herriratzea eskatzen duen banderola kentzeko agindua, besteak beste.

  Idatzi guzti horiek gaztelera hutsez bidali dira, autonomia estatutuak jasotzen duen euskara eta gazteleraren koofizialtasunari muzin eginez. Autonomia estatutuaren 6.1 artikuluak zera dio: euskarak, Euskal Herriaren berezko hizkuntza izanik, hizkuntza ofizialaren maila izango duela Euskal Herrian. Artikulu honek bermatzen du, idatzi ofizialak bi hizkuntzetan eskuratzeko eskubidea.

  Baina gobernu ordezkaritzatik, esan bezala, ez da araua betetzen. Udal gobernu taldeak jarrera horrekin euskal izaera daukan guztia ezabatu eta instituzioetako jarduerak oztopatu nahi direla uste du. Horretxegatik, aurrerantzean udaletxera gaztelera hutsean iristen diren gutun ofizialak itzuli egingo dira.

  Gutunak igorleari bueltatu ez ezik, autonomia estatutuak dioena gogora ekarriz, udalak adierazpen administratibo guztiak euskaraz jaso nahi dituela jakinaraziko zaio. Era berean, gaztelera hutsean bidalitako idatziak ez dira kontutan hartuko eta bertan jakinarazten dena jaso ez balitz bezala jokatuko da.

  Udal gobernu taldeak argi utzi nahi du idatziak euskaraz jasotzeko eskaera egiterakoan ez dela legez kanpoko ezer egiten ari, baizik eta euskaldun orok duen eskubidea betearazten.  

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!