Eltzia taberna-kafetegiaren ustiaketa lizitaziora atera du Udalak

2018ko urte amaieran ireki zen Eltziako taberna-kafetegia, Eltziako eraikin eraberrituan, zerbitzu-emakida bidez. Azken kudeatzaileak 2023ko uztailean sinatutako kontratua amaitu berritan lehiaketa ireki bidezko lizitazio prozesu berri bat abian jarri du Udalak. Taberna-kafetegiaren kudeaketa, administrazioa eta ustiaketarako derrigorrezko baldintzak, betebeharrak eta zehaztasunak jaso dira oinarrietan, baita lehiaketara aurkeztu ahal izateko interesdunek bete beharko dituzten eskakizunak ere. Oinarriok gaur bertan argitaratu dira udaleko web gunean, “Kontratatzailearen profila” atalean.
Zabalik dago proposamenak egiteko epea, irailaren 22ra arte. Tartean, instalazioak bertatik bertara ikusteko aukera izango da, irailaren 12an, 10:00etan eta 15:00etan. Bertaratzeko asmoa dutenek aldez aurretik jakinarazi beharko dute partaidetza@onati.eus helbidean edota udaletxeko telefonora deituta (943 78 04 11). Zalantzak izanez gero ere, bi bide horietatik argitzeko aukera izango da.
Agiri administratiboen egokitasuna eta eskaintza tekniko eta ekonomikoa baloratuko ditu udalak eta puntuazio altuena jasotzen duenari esleituko zaio zerbitzua. Bi urterako kontratua izango da, beste bi urtez luzatzeko aukerarekin. Eltziako taberna itxita dago uztailaren 10az geroztik. Lehiaketak iraun bitartean beharrezko esku-hartze eta konponketa txiki batzuk egingo ditu udalak, taberna irekiko dutenei instalakuntzak baldintza onetan eskaintzeko.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!