Udalak aurkeztutako hiru parte hartze proiektuk Foru Aldundiaren diru laguntza jaso dute.

2012/05/08
Herrijorran 2012ko egitasmo orokorrak, gazte plana garatzearenak eta pertsonen harremanetan oinarritutako barne antolamendu eredu berriak.

  Hiru egitasmo horiek izan ziren udalak diputazioko diru laguntzetara aurkeztu dituenak eta maila ezberdinean, baina hirurek, foru erakundearen babes ekonomikoa jaso dute.  Izan ere, diru laguntza hauek, herritarren partaidetza sustatzea dute helburu, eta Oñatitik proposatutako hiru proiektuk helburu horrekin bat egiten dute.

  Hori garbi ikusten da 2012rako udalak zehaztu duen HERRIJORRAN egitasmo orokorrean. Udal funtzionamenduaren atal guztiak kontutan hartuz, herritarrei hauen eztabaidan parte hartzeko plangintza zehaztu zen. Urteko hilabete bakoitza gai bati eskaintzea erabaki zen eta hala, otsaila, kulturari eskaini zitzaion, martxoa berdintasunari, maiatza hau sozioekonomiari eta datozen hilabeteak, ongizateari, gaztediari, osasuna eta kirolari, ingurumenari eta abar.

  Aipatu behar da, egitasmo honen baitan herrijorran.info internet ataria ere osatu dela eta hainbat foro eta eztabaida gune zehatz ere martxan jarri direla, hara nola, auzo alkateen edo sozioekonomia foroa eta hezkuntza mahaiak. Egitasmo honek, urte osorako 15.000 euroko aurrekontua du eta foru aldundiak, erdia, diruz lagunduko du.

  Proportzio berean lagunduko du baita ere gazte plana garatzekoa abian den egitasmoa.
Parte hartze prozesu honen bitartez bi helburu nagusi lortu nahi dira: Oñatiko gazte plana diseinatu batetik, eta gazteek, autogestioaren bidez, aisialdia eta hau garatzeko beharrezkoak diren baliabideak eta espazioak nahiz funtzionamendua definitzea bestetik. Urte osoko egitasmo honek ere 15.000 euroko aurrekontua du.

  Diputazioak diruz babestuko duen hirugarren parte hartze proiektua, udalaren barne antolamenduan oinarritzen da. Udal plantilla eta arduradun politikoak pertsonen harremanetan oinarritutako barne antolamendu eredu berria lantzen ari dira, herritarrei eskaintzen dieten zerbitzua hobetze aldera. Kasu honetan, prozesuan parte hartzen duen kolektiboa murritzagoa da printzipioz, udalaren barruko organigrama osatzen duten lagunei mugatuta baitago. Nahiz eta zeharka, herritar guztiengan eragina izango duen, edo hori da behintzat lortu nahi dena. Baina aldundiko ordezkariek egitasmoaren izaera mugatuagoa dela ulertu dute eta diru laguntza ere murriztu dute. Kasu honetan, proiektuaren kostuaren %30a soilik estaliko dute.

  Baina batekoak eta bestekoak batuz, udalak une honetan martxan dituen herritarren parte hartzea sustatzeko proiektuetarako kasik 18.000 euro iritsiko dira Foru Aldunditik.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!