Oñatiko udala

Israelek Gazan egindako operazio militarrari buruzko EAJren mozioa puntuz puntu bozkatu zen Osoko Bilkuran

2025/05/30
Card image cap
Proposatutako 10 puntuetatik 9 onartu dira

  Israelek Gazan egindako operazio militarrari buruz PSE-EErekin adostutako idatzi bat mozio moduan aurkeztu zuen EAJk, atzoko Osoko Bilkurara. Amaia Erostarbek eta Xabier Mugarzak irakurri zuten. Ondoren, Izaro Elorza alkateak hitza hartu zuen hitza eta  bere desadostasuna azaldu zuen, mozioa aurkezteko formarekiko eta idatziaren edukiarekiko. Gaiaren garrantzia azpimarratuta, idatzia puntuz puntu bozkatzea proposatu zien EAJri. 

  Mozioa puntuka bozkatzearekin ados agertu zen bozeramale jeltzalea eta gaia eztabaidatzeko denbora izan zela erantzun zuen, ez, ordea, borondaterik. Erantzun horren harira, udal-tramiteek eskatzen duten forma, tenpo eta jarreren inguruan eztabaida sortu zen gobernu taldeko eta oposizioko kideen artean baina, azkenean, guztien adostasunez, jeltzaleek proposatutako mozioa puntuz puntu bozkatu eta ia osotasunean onartu zen; 10 puntuetatik 9 onartu baitziren.

  2023ko urriaren 7an Hamasek egindako eraso bortitza gaitzesten da, Gazako populazio zibil palestinarraren aurka egindako genozidioa irmo eta ñabardurarik gabe gaitzesten da eta berehalako su-eten iraunkorra eta indar militarrak lurralde okupatuetatik erretiratzea eskatzen da. Era berean, nazioarteko zuzenbide humanitarioa, nazioarteko ebazpenak eta giza eskubideak erabat errespetatzea eskatzen da. Gazako zerrendan laguntza humanitarioa sartzeko bide seguruak bermatzea eta lurralde horren blokeo ankerra eta legez kanpokoa kentzea eskatzen da, Palestinar lurralde okupatuen okupazioarekin amaitzea eskatzen den bezala. Europar Batasunari giza eskubideen, justiziaren eta kontuak ematearen alde duen eragina eta boterea erabiltzea eskatzen zaio eta Gazan presentzia militar iraunkorra ezartzea ere eskatzen zaio, palestinar herritarrak Gazatik edo Zisjordaniatik deportatzeko edozein ahaleginen aurka egiteko. Oñatiko Udalak, Ekialde Hurbileko Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziak egiten duen lana babesten du, Palestinako herriari eta gerren biktima guztiei Oñatiko herriaren elkartasun aktiboa adieraztea ere onartu zen atzoko Osoko bilkuran. Azkenik, puntuz puntu onartutako idatziaren berri, Espainia, Europa eta Nazio Batuetako hainbat erakunde eta ordezkariei jakinaraztea ere erabaki zen.

  10 puntuetatik bakarra baztertu zuen EH Bilduk eta hori Europar Batasunari zuzendutako eskaera bat zen, Israelekin duen akordio komertzial eta politikoa berrikustea proposatzen zuelako EAJ, akordio horiek eten beharko liratekeela uste du EH Bilduk. Horregatik, eta testua aldatzerik ez zegoelako eta bere horretan bozkatu zelako, ezezkoa eman zuen gobernu taldeak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!