Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoak ateak irekiko ditu, ekainaren 9 eta 10ean

Ekainaren 9tik 13ra ospatuko da Artxiboen Nazioarteko Astea, Artxiboen Nazioarteko Kontseiluak iragarri duenez. Aurtengo leloa Artxibo irisgarriak. Artxiboak guztiontzat da, artxiboek mundu mailako publikoarengana iristeko duten gaitasuna azpimarratzeko helburuz. Bestalde, 2025a urte berezia da Gipuzkoan, lurraldearen izenaren, ipuskoa hitzaren, 1000 urte ospatzen baita, Ipuskoa. Izanetik izena. 1025/2025 proiektuaren baitan. Bi gertaera horiek uztartuta, Gipuzkoako Foru Aldundiko artxibo historikoek ateak irekiko dituzte, doan, edonork ezagutu ditzan. Bisiten helburua artxiboen egunerokoa nolakoa den ezagutaraztea da.
Oñatiko Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa ekainaren 9 eta 10ean bisitatu ahal izango da, egunero, hiru bisita gidatu egingo baitira: bi goizez, 10:00etan eta 12:00etan, eta beste bat arratsaldez, 16:00etan. Ordu tarte bakoitzean bi talde egingo dira, bat euskaraz eta bestea gazteleraz eta bisitak ordu eta erdi iraungo du, gutxi gora behera. Bisitaren ibilbidea artxiboko hainbat gunetatik igaroko da, tartean, sarbide mugatua duten gordailutik, lan-aretotik edota zaharberritze-tailerretik. Era berean, XV. mendetik XX. mendera bitarteko jatorrizko dokumentuak erakutsiko dira, Gipuzkoako historiarako interes berezia duten dokumentuak.
Bisita gidatu hauetan parte hartzeko erreserba egin behar da, 943 41 50 60 zenbakira telefonoz deituta, 8:30etatik 14:30etara. Taldeak mugatuak dira eta gehienez 15 lagun taldeko onartuko dira. Guztira, 180 lagunek osatu ahal izango dituzte Oñatiko bisitak. Tolosako Gipuzkoako Artxibo Orokorrak ere ateak irekiko ditu, ekainaren 11an eta 12an. Bisita egitarau paretsua prestatu dute baina parte hartzeko beste telefono zenbaki batera deitu behar da: 943 41 52 62.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!