Udal zerga eta tasek %2,5eko igoera orokorra izango dute 2022an

2021/10/22
Card image cap
Ez ohiko osoko bilkura, atzo
Kiroldegiko abonuetan igoera handiagoa aplikatuko da

  Atzo iluntzean egindako osoko bilkura berezian onartu zuen udalbatzak 2022ko Zerga Ordenantza, EH Bilduren aldeko eta EAJren aurkako botoz. Irizpide orokor gisa, udal zerga eta tasei %2,5ek igoera aplikatzea onartu zen. Udalak esku artean dituen proiektu estrategikoei aurre egiteko, zerga eta tasak eguneratu beharra dagoela adierazi zuen Xabier Igartuak, gobernu taldearen izenean. Hala ere, onartutako igoera KPIa une honetan igo denaren azpitik dagoela aipatu zuen.

  Datorren urteko udal ordenantza fiskalek hainbat hobari berri jasoko dituzte, atzo aurreratu bezala, sozioekonomia arloan, bereziki hirugarren sektoreari dagozkionak, landa garapena arlotik jasotakoak eta energia berriztagarriak sustatzekoak. Gazteria departamentuak udalekuetako zaintza zerbitzuaren tasa berria finkatzea ere eskatu zuen eta hala egingo da. Baina kiroldegiko bazkide txartela eta zerbitzuen prezioetan izango da igoerarik handiena.

  Zubikoako instalazioak berritzeko lanak amaituta tarifak errebisatu dira eta hobari irizpena aldatu da, bazkideen errenta mailaren araberakoa izango da aurrerantzean. Helduei zuzendutako banakako abonua egiteko adina 21 urtetik 22ra jaso da eta norbanakoaren abonua %20 garestituko da datorren urtean, 149 eurotik 180ra jasota. Haurren abonoa adinaren arabera zehaztuko da, 3-13 eta 14-22 urte artekoen tarifak sortuta, haurrek tarifa orokorraren erdia ordainduko dute eta gazteek % 70.

  Familia abonuaren prezioa kalkulatzeko sistema ere aldatuko da eta bikoteei aplikatuko zaien 270 euroko tarifari, dituzten haur bakoitzari dagokiona batu beharko zaio, hauen prezioa banakakoaren erdia izango delarik. Hau da, 3-13 urte bitarteko seme-alaba bakoitzeko 45 euro batu beharko zaio bikote kuotari eta 14-22 urte bitarteko seme-alaba bakoitzeko 63 euro. Horrek, egungo tarifa bikoiztea ere ekar dezake 3 seme-alaba dituztenen kasuan, esaterako. Familia abono berriek igoera izango dutela jakin badaki gobernu taldeak baina Debagoieneko gainontzeko herriekin alderatuta prezio eskuragarriak direla deritzo. Dena den, hobariak izango direla gogorarazi zen atzoko osoko bilkuran eta horiek norbanakoaren egoera kontutan hartu gabe, hau da, pentsonista, langile edo alargun den kontutan hartu gabe, etxekoen diru sarreren arabera kalkulatuko dira, eta oinarria lanbide arteko gutxieneko soldata izango dela argitu zen. Irizpide bidezkoagoa dela uste du gobernu taldeak. Era berean, kiroldegiko zerbitzu eta instalazioen prezioak eguneratu egin dira.

  Horiek, esan bezala, EH Bilduren aldeko botoz onartu eta datorren urtean aplikatuko diren udal ordenantza fiskalak. EAJk kontra bozkatu zuen, udal zerga eta tasak izoztea, jaso gabe bere horretan mantentzea eskatzen baitzuen. Pandemiak eraginda herritarrek ahalegin berezia egin dutela eta arnasa emateko eta neurri sozialak hartzeko momentua dela adierazi zuten jeltzaleek, eta horretarako, Oñatiko udalak baliabideak badituela erantsi zuten, izan, foru funtsatik etorriko den diru gehigarria, 2020ko likidazioko gerakina edo Ur jauziek sortzen duten diru baliabide berezia. Eztabaida luzea izan zen, zenbait momentutan gogorra ere bai, baina azkenean egin zen bozketan gobernu taldearen proposamena onartu zen, honen aldeko botoz, esan bezala.

  2022ko ordenantza fiskalen hasierako onespenaren iragarkia gaurko Gipuzkoako aldizkari ofizialean argitaratu da, dokumentua aztertu eta erreklamazioak egiteko 30 laneguneko epeari hasiera emanez.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!