EAJk "herritarrei zuzena ez den informazioa" zabaltzeagatik kezka azaldu du gobernu taldeak

EAJren oharraren harira hainbat argipen egin nahi izan ditu udal gobernu taldeak, beste behin, zuzena ez den informazioa edo erdizka emandakoa eskaini zaielako herritarrei. Herri basoetako baliabide naturalen aprobetxamenduaz, Aitzgaineko kanalaren inguruan bazkatzen den ganaduarentzat ura eramateko prozeduraz, Zubillaga eta beste auzo batzuetako baserrietara ur edangarria helarazteko ahaleginez eta Herribus zerbitzua Garibai eta Zañartura zabaltzeko aukeraz informazioa azken asteetako Landa Garapena eta Ingurumena batzordean eman dela adierazi du gobernu taldeak. EAJk oharrean jorratutako gai asko batzordeetan argituta zeuden arren, azalpenok alboratu eta zuzena ez den informazioa edo erdikako informazioa emateko estrategia ez duela ulertzen aipatu du gobernu taldeak, elkarlanerako borondatea aldarrikatzen denean. Benetan eraikitzailea den oposizio lana egin nahi bada, Udalean dauden erabakitze eta eztabaidatze espazioak erabili ditzakeela dio gobernu taldeak, proposamenak prentsara zabaldu gabe.
Jeltzaleek zabaldutako proposamenen haritik berriz, gobernu taldeak argitu nahi du, herri jabetzako zenbait baso kudeatzeari ekin diola eta hasieratik, asmoa, bertako su-egurra herritarren esku uztea dela. Aitzgainera ura eramaten aritu dela Udala, 2022tik, ur falta dagoen sasoitan ganaduarentzako askak betetzeko helburuz. Aitzagineko kanalaren konponketa berriz, Udalari ez baizik eta Oñatiko Ur Jauziak enpresari dagokiola. Zubillaga auzoan Urkuluko ur edangarriaren sistematik kanpo dauden baserrien egoera konpontzeko irtenbide iraunkor baten bila lanean ari direla eta Herribusa auzoetara zabaltzeko aukera zerbitzua eskaintzen duen enpresarekin aztertu dela baina maiztasunean eragingo lukeela argitu du gobernu taldeak, eta halaxe jakinarazi zitzaiela jeltzaleei zegokion batzordean. Era berean, gogorarazi da, Auzotaxi zerbitzua badagoela, landa auzoetan bizi eta autobus geltokitik 350 metro baino gehiagora bizi diren auzotarrentzat.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!