Oñatiko udala

Igandeko euri jasaren kalteak zenbatzen ari dira Arantzazun

2025/05/09
Card image cap
Elizara sartzeko igogailua zerbitzuz kanpo dago, baina elizkizunak normaltasunez ospatzen ari dira

  Igande arratsaldeko ekaitzak eta euri jasak hainbat kalte eragin zituen Arantzazun. Sindikatik behera datorren aldapa erreka bihurtu zen eta ura erruz sartu zen elizan, dorre handiaren pareko sarreratik. Beirateko bi kristal libratu egin ziren eta ura bertatik ateratzeak, kalte handiagoak eragotzi zituela adierazi digu Juan Migel Dorronsorok, Arantzazuko guardianoak. 

  Ura igogailura sartu eta azpiko zuloan pilatu zen. Teknikoak konpontzeko ahaleginean ari dira baina zerbitzuz kanpo dago une honetan. Elizarako alboko sarreran ere ura pilatuta geratu zen eta egur oholetatik behera filtratu zen. Zenbait ohol jaso dituzte kalteak zenbatekoak diren ikusteko. Sarrera nagusiko atea bilduta zegoen, eta horrek elizaren alde hori babestu zuen baina kriptara ere sartu zen ura, lehen begiratuan aparteko kalterik eragin ez bazuen ere. Garbiketa lanetan aritu dira astean. Hezetasuna nabaria da oraindik eta eliza, bereziki dorre nagusiaren azpiko aldea, oso txukun ez badago ere, zabalik dago. Elizkizunak normaltasunez egiten ari dira. 

  Arantzazuko elizara ez ezik, hotelera eta Gandiaga Topagunera ere sartu zen ura, igande arratsaldean. Horietan ere kalteak baloratu eta zenbatzen ari dira. Handia izan zen domeka arratsaldeko ekaitza eta euri erauntsia; Euskalmetek Zubillagan duen estazioan, 23 l/m2 bildu ziren, ordubetean. Araotzen txingorra bota zuen eta Arantzazun sortu zen euri-errekak kalteak sortu zituen eliza eta inguruetan. Azken 35-36 urtetan halako euri erauntsi eta kalterik ez omen dute ikusi Arantzazun, auzotarren esanetan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!