Oñatiko udala

Singular Dendak programari jarraipena emateko hitzarmena berritu du Udalak

2023/11/07
Card image cap
Komertzio berriak atxikitzeko deialdia egingo da

  Singular dendak egitasmoaren helburua tokian tokiko denden lehiakortasuna hobetzea da. Horretarako, saltzaileen konpetentziak, saltokia eta erakusleihoak eta komunikazioa hobetzeko tresnak lantzen dira. Hainbat formazio saio egiten dituzte dendariek eta aholkularitza partikularra ere jasotzen dute.

  Programa Gipuzkoako Merkataritza Elkarteak sortu zuen, 2014an, eta 2017an Debagoienera zabaldu zen, Arrasate eta Oñatiko udalen lankidetzaz. Azken bost urteetan luzatuaz joan da lankidetza eta horren haritik, Oñatiko hamabi komertziok Singular denda izendapena dute gaur egun.

  Udalak eta Merkataritza elkarteak berritu duten lankidetza hitzarmenaren haritik programara komertzio berriak atxikitzek deialdia egingo da baina modu mugatuan, gehienez hiru komertzio berrik ekin ahal izango diotelako egitasmoari aurten. Era berean, singular dendak bereizgarria duten merkatariekin lanean jarraituko da, etengabeko hobekuntza, inplikazio eta ekintza berritzaileak garatzeko konpromisoa beteaz.

  Orain arteko lanari segida eman eta lankidetzan jarraitzea erabaki du Udalak, esan bezala, Singular dendak programa beste urte batez babestuz. Horretarako 3.000 euroko ekarpen ekonomikoa egingo du. Aurtengo helburuak bost puntutan laburbiltzen dira: etengabeko eraldaketa eta bilakaera prozesurako lagungarriak izango diren ezagutza tresnak eta baliabideak sortzea; balizko krisialdietan egokitzapena bultzatzeko soluzioen zabalpena egitea, bezeroekin kontektatu eta haien leialtasuna lortzeko; lehiakortasuna hobetzea iraunkortasunean oinarrituz; erosketen turismoa sustatzeko estrategian lagundu, udalerriaren posizionamendua hobetzeko eta sinergiak sortu ingurune kaltegarrien aurrean eusteko oinarri sendoa sortzeko.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!