Ez ohiko egunean eta ez ohiko pertsonak gidatuta egingo da gaur Osoko Bilkura

Hileroko ohiturari jarraituz pasa den ostegunean tokatzen zen apirileko Osoko Bilkura egitea baina Pazko astearekin bat egin ez zezan, atzeratu eta gaur egitea erabaki zuen alkateak. Hala jakinarazi zitzaien udal ordezkari eta teknikariei. Baina Izaro Elorza Txinan da, justu gaur bueltan etortzekoa da, eta horregatik Xabier Igartua alkate ordeak gidatuko du bilera.
9 puntuko lan zerrenda zehaztu da gaurko eta ohikoak diren aurreko aktaren onespena edota alkate dekretu eta tokiko gobernu batzordeen berri emateaz gain, bi gai nagusi aurkeztuko dira: Araotzen ur-putzu berri bat egin eta mantentzeko hitzarmena eta Euskaraldiaren inguruko adierazpen instituzionala.
Gipuzkoako Klima Aldaketaren Foru Fundazioak (Naturklima) Araotz inguruan anfibio eta narrastientzako ur putzu berri bat egiteko egokitasuna jakinarazi zion Udalari. Putzua auzoko hilerri azpiko lurretan eratzea proposatu zen eta horren berri emateko bilera egin zen Araozko auzo alkatearekin eta Donostiako elizbarrutiko ordezkariekin. Putzua egokitzeko lurren lagapena onartu du parrokiak eta Naturklima fundazioa prest dago lanak egiteko, beti ere, putzua mantentzeko oinarriak betetzen badira. Hala, gaur arratsaldeko bileran hiru erabaki hartzea proposatuko da: Oñatiko parrokoak egindako lur lagapena onartzea; Naturklima eta Udalaren arteko lankidetza hitzarmena onartzea, Araotzen mikro-hezegune barri bat sortzeko; eta Udalaren eta Arantzadi Zientzia Elkartearen arteko zaintza akordioa onartzea, aipatu putzua kudeatu eta ikertzeko.
Maiatzaren 25etik 25era egingo den Euskaraldiaren haritik, berriz, ariketa sozial honi babesa eman eta herritarren artean zabaltzeko konpromisoa bere baitan hartzen duen adierazpen instituzionala ere aurkeztuko da arratsaldeko Osoko Bilkuran.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!