Oñatiko udala

"Auzotasuna" atal gehigarriaren kontura emango diren dirulaguntzen deialdia egin da

2025/04/30
Card image cap
22.000 euro daude aurten egiten diren lanetarako

  2013an sortu zuen Udalak Auzotasuna deritzon diru poltsa; jasoaz joan da eta ia 117.500 euroko partida dago aurten. Dirua herrian dauden 16 landa auzoen artean banatzen da, bi irizpideren arabera, erroldatutako auzotarren kopuruaren arabera eta baserri kopuruaren arabera. Badira ordea, auzoek bultzatu baina Udalaren eskumenekoak zein ardurakoak diren hainbat lan edo auzoaz gaindiko herri onura izan dezaketen egitasmoak. Auzoek egitasmo horietara bideratutako finantzazioari diru ekarpen gehigarria egiten dio Udalak, argitaratu berri den deialdiaren bidez.

  22.000 euroko diru partida gorde da aurten egingo diren lanetarako. Jasotzen diren proposamenak hiru irizpideren arabera baloratuko dira: herri onuraren irismena, auzoaren kofinantziazio maila eta auzolana. Diruz lagunduko diren lanak zerrendatu ziren 2022an, dirulaguntza gehigarri hauek lehen aldiz eman zirenean: udalaren eskumenekoak eta ardurako izan arren auzoek egiten dituzten auzo-bideen garbitasun eta konponketa lanak, arekak edo hormak egonkortzeko lanak, edota trikitx-lekuak egokitzea; auzoetatik haratago herri onura duten egitasmoen artean, herri-bide edo zorbideak berreskuratzea, herritar orok erabili ditzan; herri guztiari zuzendutako ikastaro edo hitzaldien antolaketa, edota herritar guztiek erabiltzeko moduko azpiegituren berreskuratzea, izan frontoi, bolatoki, aparkaleku irekiak eta abar diruz lagunduko ditu udalak. Proposamenak aurkezteko epea zabaldik dago, ekainaren 6ra arte.

  Iazko deialdira sei proiektu aurkeztu ziren eta hiruk jasoko dute udalaren laguntza: Araozko ostatu ondoan jolas parkea eratzea; Larrañan, Errekalde-Urkullueta baso pista konpontzea eta Garagaltzan, Iruatz baserrirako bidean biondak jartzea. Apirilaren 10eko Tokiko Gobernu Batzarrean onartu ziren hiru lan horietarako gastuak justifikatzen dituzten likidazio eta dokumentazio txostenak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!