Oñatiko udala

Ia 16.500 euroko ekarpena egin dio Udalak UEMAri, urteko kuota kontzeptuan

2025/04/30
Card image cap
Oñati UEMAko kide da 2012tik

  Iazko abenduaren 14an UEMAren Batzar Nagusia egin zen Zarautzen. Bertan, besteak beste, 2025eko aurrekontua aztertu zuten udal ordezkariek eta urteko kuota %3 jasotzea proposatu eta onartu zuten. UEMAko udalerri bakoitzak duen biztanle kopuruaren araberako ekarpena egiten du. Oñati 8.001-12.000 biztanle artean dituzten herrien multzoan sartzen da eta ondorioz, 16.450 euro ordaintzea dagokio aurten. Kuota ordainketa bakarrean egitea erabaki zen hil hasieran eta horretarako agindua eman zen Alkate Dekretuz.

  Oñatiko Udalak 2012ko apirilean erabaki zuen UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izateko eskaera bideratzea eta ekainean onartu zen, Batzar Nagusian. Oñati UEMAko kide dela hamahiru urte beteko dira laster. Oraindik indarrean dauden hiru helburu finkatu zituen orduan Udalak: euskara ohiturazko hizkuntza bihurtzea Oñatiko bizitza sozialaren alor guztietan; herritarrekin harreman zuzena duten esparruetan eragitea, hara nola, osasun arloan, epaitegietan edota enpresatan; eta gure eremu geografikoan eragitea, euskararen arnasguneak zabaldu daitezen. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak berriz, trebakuntza, aholkularitza eta zerbitzu teknikoa eskaintzen die udalei eta herritarrei.

  UEMAk 113 udal biltzen ditu egun, eta guztien artean 342.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!