Selektibitateko bigarren deialdira aurkeztu ziren 14 oñatiarretatik 11k gainditu dute unibertsitatera sartzeko hautapen proba
Ekaineko deialdian ez bezala, uztaileko azterketaldian Oñatiko ikasle guztiek ez dute lortu selektibitatea pasatzea. Hiru lagun ariketa gainditu gabe geratu dira.
Ez da beti gertatzen baina nahikoa ohikoa izaten da uztaileko deialdian gazteren batek selektibitatea ez gainditzea. Ikasturtea ez ohiko deialdian aprobatu dutenak dira eta ez dute selektibitatea prestatzeko nahikoa denbora. Gainera, kasu askotan, behar ere ez dute behar, goi mailako heziketa zikloren bat egiteko asmoa izaten dutelako, baina irakasleak eta etxekoak animatuta joan ohi dira azterketetara.
Uztaileko deialdian, aprobatuen portzentajea ekainekoan baino baxuagoa izaten da. Aurten ere, % 86ak aprobatu du orokorrean, Oñatin, portzentajea baxuagoa da eta aurkeztu zirenen % 79ak gainditu du. Ekaina eta uztaileko deialdiak kontutan hartuta, Oñatin batxilergoa egin duten 90 ikasle izan dira aurten selektibitateko azterketak egin dituztenak, eta 87k gainditu dituzte. Ekaineko deialdian denek aprobatu zuten.
Uztailaren 3tik 5era selektibitateko azterketak egin zituzten ikasleen emaitzak atzo eguerdian ekarri ziren Donostiatik. Orain, unibertsitate ikasketak egin edo beste norabide batean abiatu aukeratuta, matrikulak betetzeko epe berria irekitzen da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!