Premiazko elikagaien bilketa egingo du bihar Hotz Oñatik, herriko lau dendekin elkarlanean

2023/02/16
Card image cap
Batutakoa Siriara helaraziko da Zaporeak elkartearen bitartez

  Ekialde Hurbila astindu zuten lurrikarek kaltetutakoei laguntzeko elikagaien bilketa egingo du bihar Hotz Oñatik. Arrain kontserbak, barazki eta lekale kontserbak (txerrikirik gabe), arroza, pasta, esnea eta gailetak jasotzeko karroak jarriko dira, San Migel kooperatiban, Errekalde eta Arantzazuko Ama kaleetako Eroski dendetan eta Olakuako Super BMn.

  Ondo identifikatutako karroak jarriko dira lau dendetako atarietan eta Hotz Oñati taldekoak tarteka pasatuko dira batutakoa jaso eta biltegian prestatzeko. Ez da boluntariorik izango dendetan, materiala prestatzeari lehentasuna eman diotelako.

  Oñatin batutakoa Zaporeak elkartearen esku utziko da, ahalik eta azkarren, lurrikarak kaltetutako eremuetara helarazteko. Zaporeak GKEak Siriako gatazkatik ihesi Turkiako mugan dauden errefuxiatuei laguntzeko proiektua du, eta bertara eramango da Oñatin bihar eta beste herri batzuetan pasa den larunbatean bildu ziren milaka kilo janari.

  Hotz Oñati taldekoek Turkia eta Sirian kaltetutakoei laguntzeko ekintza berri hori egingo dute bihar, eta aldi berean, atzora arte jaso zituzten mantak eta neguko arropak prestatzen jarraituko dute. Sailkatze lana astelehenerako amaitzea espero dute. Batutakoa Bilbora bidaliko dute DYA Bizkaiaren bitartez lurrikarek kaltetutako herrietara helarazteko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!