Oñatiko udala

Bustinzuloko transformadore nagusiaren deskonexioak eragin zuen atzo arratsaldeko argindar etena

2025/05/12
Card image cap
Bustinzuloko estazioa
20 bat minutuz Oñargiko argi-hornidura eten egin zen, 17:35etan

  Apirilaren 28ko itzalaldia gogora ekarri zuen arren, atzo arratsaldeko argindar etenak 20 minutu inguruko iraupena izan zuen eta herriko zonalde bati bakarrik eragin zion, Oñargiko hornidura duen erdiguneari eta zenbait auzori, bakarrik. Izan ere, oraindik aztertzen ari diren arrazoiengatik, Bustinzuloko transformadore nagusia deskonektatu egin zen. Bertaratuta, akatsa transformadoreak berak izan zuela ikusi zuten teknikoek eta berehala martxan jarri zuten beste transformadore bat, argindar lineak bertara konektatuz eta zerbitzua bueltatuz.

  Oñargik hiru transformadore nagusi ditu Bustinzuloko estazioan eta berez deskonektatu zen hori orain gutxi errebisatu zen, akatsik eman gabe. Horregatik, etena zerk eragin zuen eta pasa den asteko lineen aldaketarekin zer ikusirik ote duen aztertu behar dute adituek. Iberdrolako sareak 30.000 voltioko tentsioa sartzen du Bustinzuloko estaziora eta bertan dauden transformadoreek 13.200 voltiora egokitzen dute, erdi tentsioko saretik banatzeko.

  Atzoko argindar etenak ez zuen aparteko arazorik sortu. Hainbat lagun igogailuetan irten ezinda geratu ziren eta erreskateak egin ziren Olakua edota Ultzegin kaleetan, baina arazo larririk izan gabe.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!