Partaidetzazko aurrekontuak prozesuan bozkatze fasea irekiko da bihar, azaroaren 20ra arte

2022/11/03
Card image cap
21 proposamenetatik 6 hautatu beharko ditu bozka ematen duen herritar bakoitzak

  2023 eta 2024 urteetako udal aurrekontuetan 500.000 euro zertan inbertitu erabakitzeko partaidetza prozesua azken fasera iritsi da, bozkatzeko fasera. Maiatzean jaso ziren 230 proposamenek galbahe ezberdin pasa dituzte: errepikatutakoak kendu eta udal eskumenekoak ez zirenak baztertu dira, herritarrek markatutako lehentasunen arabera baloratu dira eta bakoitzaren bideragarritasun teknikoa ikusi da, gutxi gora beherako aurrekontu bat zehaztuz bozkatze faserako geratu diren 21 proposamenetako bakoitzarentzat.

  Aurrekontuaren arabera proiektu handiak, ertainak eta txikiak berezitu dira. Handiak atalean 100.000 eta 200.000 euro arteko aurrekontua duten sei proposamen jaso dira, ertainetan 25.000 eta 100.000 euro arteko kostua luketen zazpi eta txikietan, 25.000 euro baino merkeagoak liratekeen beste 8 proposamen. Irisgarritasuna, energia berriztagarriak, kultura edota kirol proposamenak dira asko. Jaumendirako bidegurutzean oinezkoen irisgarritasuna bermatzea, udal eraikinetan seinaleztapen inklusiboa jartzea, Ur uhinak parkean komun publikoa jartzea, hainbat gunetan eskudela edo barandak jartzea, Kanpantxoko iturri monumentala birgaitzea, Berezao auzoko parkeko mahaiak eta bankuak konpontzea, edota herriko jolas parkeetan 8-14 urte bitarteko haur eta nerabeentzat elementuak jartzea dira bozketa fasera iritsi diren proposamenetako batzuk.

  Proposamen guztiak udal web gunean ikusgai jarriko dira eta bozkatze fasean muntatuko diren erakusketa ibiltarietan ere ikus ahal izango dira. Erakusketa, San Lorentzo-Olakuan jarriko da datorren astearte goizean, azaroaren 11 eta 16 arratsaldez plazan eta azaroaren 18 goizean, kale Barrian. Erakusketa gunean 21 proposamenak biltzen dituzten esku-orriak eskuragarri jarriko dira eta sei markatuta, orriak bertan utzi ahal izango dira. Hainbat udal eraikinetan ere postontziak jarriko dira boto paperak sartzeko eta udal webgunean sartuta ere izango da bozka emateko aukera. Parte hartzeko oinarrizko bi baldintza bete behar dira: 16 urte beteta izan eta Oñatin erroldatuta egotea. Oinarri horiek egiaztatzeko, datu pertsonalak ematea eskatuko da.

  Azaroaren 4tik 20ra luzatuko den fase honetan bozka gehien lortzen dituzten ekimenak 2023 eta 2024ko udal aurrekontuetan txertatuko dira, urteko 250.000 euroko partida osatu bitartean. 2018an gauzatu zen aurreko prozesuan herritar askok parte hartu zuten eta oraingoan ere erantzuna errepikatzea espero dute udal arduradunek.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!