"Oñatiko hika poltsikaran" liburuxka argitaratu berri da
Ingo Xonau! proiektuaren baitan osatu eta argitaratu da Oñatiko hika ikasteko oinarrizko informazioa eta aditz-taulak batzen dituen liburuxka. Tamaina txikikoa, poltsikoan eramateko modukoa da, helburua, une oro eskuragarri izatea baita. Hamar zentimetro luzeran zein zabaleran dituen liburuxkak 32 orri ditu guztira. Batetik, hitanoari buruzko argibideak eta informazio orokorra dator eta, bestetik, adizki nagusi eta aditz trinkoen aditz taulak. Badihardugu euskara elkarteko Idoia Etxeberriak prestatu du, Roberto Altuna euskaltegiko irakaslearen laguntzarekin, eta Mirari Sagarzazu marrazkilariak egin ditu diseinua eta ilustrazioak. Mimo handiz egindako lana da.
Liburuxkaren 2.000 ale argitaratu dira eta Oñatiko udal euskaltegian eskuratu daitezke. Hika ikastaroetan eta ikastetxeetan ere banatuko dira. Liburuxkaren bertsio digitala Udaleko webgunean eta Badihardugu elkartearen webgunean ere eskuragarri jarriko da.
Liburuxkaz gain, Oñatiko hikaren txuletia bertsio laburtua ere kaleratu da; gehien erabiltzen diren hitanoko aditz trinkoak eta adizki nagusiak batu dira. Halako 5.000 ale pasa egin dira eta azaroko Kontzejupetik aldizkariarekin etxeetara banatuko da.
Ingo xonau! proiektuaren helburua Oñatiko noka biziberritzea da. Badihardugu euskara elkarteak hartu zuen egitasmoaren gidaritza eta noka erabiltzen duten 54 herritar elkarrizketatu zituzten iaz. Grabazioak landu eta ahotsak.eus atarian saretu dira eta orain argitaratu diren bi liburuxketarako materiala osatu da. Gainera, Hikalaguna egitasmoa abiatu zuten, aurten ere martxan da, eta datorren astean hika ikastaroa hasiko da Emakumeentzako jabetze eskolaren baitan. Izena emateko aukera dago oraindik.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!