Etxez etxeko laguntza zerbitzua kontratatzeko deialdia kaleratu du Udalak

Etxez etxeko laguntza zerbitzua prebentzio eta laguntza izaerako lanak egitean datza, baita menpekotasun egoeran, edo menpekotasun arriskuan, dauden pertsonei laguntzean ere. Ezintasun maila ezberdina duten pertsonei eskaintzen zaie zerbitzua; etxeko garbitasunetan, bazkaria prestatu edota jantzi eta beren burua txukuntzeko astean hainbat orduz eskaintzen den laguntza zerbitzua da. Helburua, zerbitzuaren onuradun direnen autonomia maila mantentzea da, etxean bizi direla, behar duten laguntza eskainiz.
Goxara enpresak eta Udalak duten kontratua iraila amaieran beteko dela-eta zerbitzua berriro kontratatzeko lizitazioari hasiera ematea erabaki zen azken Osoko Bilkuran. Deialdia zabaldu da eta proposamenak aurkezteko epea abuztuaren 1ean amaituko da.
194 herritar onuradun izan ziren etxez etxeko laguntza zerbitzuan, iaz; orain lau urte burutu zen aurreko prozesuan 77 herritar ziren, beraz, kasik hirukoiztu egin da zerbitzu onuradunen kopurua. Baina erabiltzaileen kopuru hori aldakorra da, eta ondorioz, Udalak, kostuaren gutxi gora beherako kalkulua egin du kontratu berria lizitaziora ateratzerakoan. Urteko 38.000 ordu bete beharko liratekeela kalkulatu da, urtero, bataz beste, 3.000 ordu gehitu daitezkeela aurreikusita. Hala, 2 urterako kontratuaren lizitazio aurrekontua 3.093.781,60 eurotan finkatu da. Baldintzetan, eskaintzaren gehienezko prezioa orduka ere zehazten da eta astelehenetik larunbatera betetzen den zerbitzu ordu bakoitzeko gehienez 32,60 euro (+BEZa) ordainduko luke Udalak, aurten eta 35,60 euro (+BEZa), 2026an. Igande eta jai egunetan betetzen den orduaren prezioa aipatutakoari %38a jasota ordainduko litzateke, gehienez.
Etxez etxeko laguntza zerbitzuaz arduratuko den enpresa kontratatzea da Udalak berriki kaleratu duen lizitazio deialdiaren helburua. Hasiera batetan bi urtetarako kontratua sinatuko da baina beste bi urtez luzatzeko aukera aurreikusi da. Gaur egun, 37 lagun daude etxez etxeko zerbitzu honetan lanean. Kontratu berria lortzen duen enpresak langile horiek hartu beharko ditu, langileen subrogazioa jaso baita lizitazio baldintzetan. Gainera, egungo enpresarekin 2028ra arte sinatu zuten lan hitzarmenean zehazten diren soldatak eta baldintzak bete beharko direla ere zehazten da deialdian.
Enpresen eskaintza ekonomikoak 100 puntutik 26 lortzeko aukera emango du; arreta metodologia, arreta protokoloa eta pertsonalaren formazioa kontutan hartuko da, beste 25 puntu banatuz, eta gainontzeko 49ak baldintza teknikoek ezarritakoaz gain bezeroei eskainitako zerbitzua hobetzeko proposamenaren arabera banatuko dira.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!