Oñatiko udala

Langabezia jaitsi egin da gurean, hirugarren hilabetez jarraian

2025/07/03
Card image cap
295 langabe zenbatu dira, martxoan erregistratu zen kopuruaren pare

  Apirilean langabe kopurua handitu egin zen Oñatin, 10 langabe gehiago zenbatu zirelarik. Maiatza eta ekainean zehar, berriz, gehikuntza hori irauli da eta martxoko kopuru berbera ikusi dugu ekaina amaierako datuetan, 295 langabe, hain zuzen. Hori bai, langabeen adinari erreparatuta, eta martxoko datuekiko aldeak badaude: 45 urtez gorakoak 4 gehiago dira, aldiz, 25 urtez azpikoetan 1 gutxiago eta 25 eta 44 urte artekoetan 3 gutxiago dira, egun. Sexuari erreparatuta ere, martxoan baino 4 gizon langabe gehiago daude une honetan. Oñatin langabe daudenen ia % 62a emakumeak dira.

  300eko mugatik behera kokatzen den urteko hirugarren hilabetea da ekaina, otsaila eta aipatu martxoarekin batera. Eta aipagarria da, langabezia tasa %6aren azpitik kokatu den 10. hilabetea dela, iazko abuztuan % 6,22ra igo baitzen.

  Enplegurako hilabete ona izan ohi da ekaina gurean, udako oporrei aurre egin ahal izateko aldi baterako kontratu ugari egin ohi baitira. Iazko ekaineko datuekin alderatuta, berriz, 20 langabe gutxiago daude egun, eta langabezia tasa 37 ehuneneko txikiagoa da. Urteko bigarren hiruhilekoaren bataz besteko langabezia tasa %5,52 da, aurreko hiruhilabetekoaren kasik parekoa. Orokorrean, beraz, enplegua nahikoa egonkor mantentzen ari da 2025ean Oñatin, hilabete batetik bestera gora behera txiki batzuk gertatu diren arren.

  Debagoienean langabezia pitin bat hazi da 9 langabe gehiago zenbatuta; Oñatin bezala, Antzuolan eta Bergaran langabezia jaitsi egin da, aldiz, Elgetan, Eskoriatzan eta bereziki Arrasaten handitu da, Arrasaten 26 langabe gehiago erregistratu baitira. Debagoieneko langabezia tasa % 7,82 da, Oñatikoa baino ia 2 puntu eta erdi handiagoa.

  Hego Euskal Herrira begiratuta, berriz, maiatzean baino ia bi mila langabe gutxiago izan dira baina soilik 123 afilizio gehiago zenbatu dira. Beraz, enplegua hazi baino kontratu ezberdinak kateatzen dituzten pertsonak dira lanean hasi direnak. Hori bai, Gizarte Segurantzako afiliazioek inoizko kopuru handienaren marka hautsi du beste behin eta 1.345.268 afiliatu daude Hego Euskal Herrian.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!