Oñatiko Energia Plana aurkeztu da

2022/10/26
Card image cap
Energia alorrean dagoen testuinguru nahasian 8 esku-hartze konkretu bildu ditu Udalak Energia Planean

  Nahasia da oso egungo energia-testuingurua eta egoerak erantzun beharra exijitzen duela esan du Izaro Elorzak Oñatiko Energia Planaren aurkezpenean. Aurrera begira izango diren erronkei heltzeko momentua iritsi dela esan du. Oñatiko Energia Plana gaur aurkeztu arren, udal gobernu taldea legealdi hasieratik ari da gaia aztertzen eta energia alorreko erronkei erantzuteko lanean.

  Oñatiko Energia Planak izaera ezberdineko 8 esku-hartze biltzen ditu. Lehena, planaren puntu nagusia dela azpimarratu du Izaro Elorza alkateak: Oñatiko energia berriztagarrien merkaturatzailea sortu nahi da, argindarraren tarifetan eragiteko eta prezio justuagoak jartzeko helburuz.

  Ildo berean, eta herritarrak ahalik eta informazio argiena jasotzeko, aholkularitza bulego bat martxan jarriko da, etxebizitzen argindar eta gas fakturak aztertzeko. Herrian energia berriztagarrien sorkuntza areagotzeko gune berriak aztertzen ari direla jakinarazi da. Urte sasoiaren araberako ur-emariaren menpe dagoen Oñatiko Ur Jauziak sortzen duen energiaren osagarri izango dira proiektu berri horiek. Oñatiko Ur Jauziak 16 GWh ekoizten ditu, hau da, Oñatiko etxebizitzen kontsumoa betetzeko adina. Baina udako hilabeteetan produkzioa asko murrizten da. Beste bide batzuetatik 2 MWh potentzia izango luketen proiektuak gauzatu ei daitezke herrian. Hori aztertzen ari dira IDOM Ingenieritza enpresarekin batera.

  Etxera begira berriz, beste hiru esku-hartze aurreikusten dira: kaleko argiteria publikoaren diagnostikoa osatzen ari dira, kontsumoa jaisteko helburuz, eta berdin eraikin publikoen kasuan ere, auditoretza energetikoak egiten ari dira, energia aurrezteko ekintza planak prestatzeko. Eraikin publikoetan baita ere, autokontsumorako eguzki plakak jarriko dira. Zubikoa kiroldegian esaterako, kantxa berdeko teilatuan autokontsumo plaka fotovoltaikoak instalatzeko proiektua du Udalak mahai gainean.

  Energia Plan hau gauzatzeko lankidetzan oinarritutako iraunkortasun sarea osatzen ari da Udala, Mankomunitatearekin, Debagoiena 2030 sareko kideekin eta beste eragile batzuekin elkarlanean. Era berean, kotxe elektrikoentzat karga lekuak jartzen joateko plagintza osatuko da auzoz auzo.

  Zortzi puntuko energia plangintza, orokorrean, gaur aurkeztu da baina datozen asteetan zehatzago, eta puntuz puntu, nola garatuko den azaltzeko agerraldi berriak iragarri dira. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!