Olakuako urmaela garbitzen ari dira

2022/12/13
Card image cap
Urtebetean pilatu den lur, lokatz, landare-hondar eta sastrakak kenduko dira

  Urteak dira Olakuako urmaelean zeuden ahate eta zisneak kendu zirela. Tarteka, dena den, pasean doazen hegaztiak bertan geratzen dira atseden hartzen. Bitartean, landaredia asko hazi da eta ingurua erabat hartuta zuen, ez bakarrik urmaelaren kanpoaldea baita putzua bera ere. Higiene eta itxura aldetik ez zen egokiena, sagu eta bestelako animalientzat babesleku bihurtua baitzegoen urmaela.

  Udal brigadako langileek atzo goizean ekin zioten urmaela garbitzeari eta urmaelaren goialdea hustu eta lehen adar mozketa lanak egin zituzten. Gaur berriz, Zolarri enpresakoak ari dira lanak amaitzen. Pilatutako lur, lohi, sastraka eta neurriz kanpo luzatutako landareak kentzen ari dira aitzur, pala eta bestelakoaz baliatuta. Hondakinak kamioi-garabiaz jaso eta eramaten ari dira.

  Orain urtebete, iazko azaro erdialdean egin zen Olakuako urmaelaren aurreko garbiketa sakona.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!