Olakuako urmaela egokitzeko lanak esleipenera atera dira

Uraren erabilerak sortzen dituen arazoak aintzat hartuta erabaki zuen Udalak, Olakuako urmael ingurua egokitzea, ur hornidura sarea lurperatuz, putzuaren oinarria hormigoiz estaliz eta anfiteatro itxurako egonleku mailakatuak prestatuz.
Izarraizpe Paisajistak enpresak osatu duen proiektuaren arabera, urmaela urez hustuko da, Bidaurretaraino doan ur kanala lurperatuz; putzuaren oinarria egonleku bihurtuko da eta inguruko jolaslekuarekin integratuko da. Urmaelaren zorua hormigoi inpresoz estaliko da, mailakatutako terraza moduko egonlekuak sortuko dira eta inguruko lorategi eta jolasgunearekin integratuko da, pasabide eta landaketa berriak egingo dira, parkearen izaera indartuz. Urmaelaren gaineko zubia mantenduko da, honek jolasgunearen gainaldeko bidearekin osatzen duen pasabide-gurutzea gordez, San Andres kooperatibako ordezkariek eskatu bezala. Parke berria topagune atsegin eta irisgarria izatea da helburua.
Olakuako urmael inguruan egingo den esku-hartze honekin, azken urteotan kezka-iturri bihurtu diren arratoiekin eta zikinkeriarekin amaitu nahi da, inguruaren irisgarritasuna hobetzearekin batera.
Lanak auzoko jaiak pasa ondoren egiteko asmoa agertu zuen gobernu taldeak aurtengo aurrekontuak onartzerakoan eta hala egingo dira, oraintxe abiatu baita lanak esleitzeko lizitazio prozesua. Proposamenak aurkezteko epea ekainaren 16an itxiko da. Lanek 100.000 euroko aurrekontua dute eta 8 astetan egiteko muga zehaztu da.
Lanak esleitzerakoan eskaintza ekonomikoa lehenetsiko da, 75 punturekin; berme epea luzatzeak eta obran arituko den taldean parekotasuna eta genero berdintasuna sustatzeak beste 10 puntu emango ditu. Lanak, uda hasieran abiatzeko asmoa dago.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!