Oñatiko udala

Garapenaren aldeko proiektu estrategikoak eta ekintza puntualak gauzatzeko udal dirulaguntzak ebatzi dira

2025/05/26
Card image cap
Garapenerako sustatzaileen formazioa Nikaraguan (AMS)
15 eskaera jaso dira baina 14 babestuko dira

  Udalak garapenaren aldeko lankidetzarako dirulaguntzen baitan bereizten dituen lau lerroetako bi dira lankidetza proiektu estrategikoak eta ekintza puntualak. Eskaerak egiteko epea apirilaren 9an itxi zen eta jasotako proiektuak aztertu eta baloratuta, dirulaguntzak ebatzi berri dira.

  Hegoaldeko herrialde pobretuetan lankidetza proiektu estrategikoak garatzeko 7 laguntza eskaera aurkeztu eta onartu dira, balorazioan eman zaien puntuazioaren araberako dirulaguntza jasoko dute. Hermansoloña elkarteak Argentinako Jose C Pazen hainbat hobekuntza lan egiteko dirulaguntza eskatu zuen. Bubulum taldeak Nikaraguan urritasuna duten haur eta gazteei arreta eskaintzeko proiektuarekin jarraitzen du. Nikaraguan baita ere, ekintzailetza bultzatu eta garapenerako sustatzaileen formaziorako bi proiektu aurkeztu ditu Mundu Solidarioa Helburuk udal dirulaguntzetara. Elkartasuna Txiapasekin taldeak Mexiko hegoaldean lurraldearen defentsarako egitasmoak babesten jarraitzen du. Hotz Oñati taldeak Yemengo familiak hezi eta babesteko gosarien egitasmoarekin darrai eta Arantzazuko Adiskideak taldeak berriz, Boliviako ospitale bateko kirurgia unitatea sendotzeko egitasmoa aurkeztu du, Sucre hiriko emakumeen osasuna bermatzeko helburuz. Guztiek udalaren dirulaguntza jasoko dute. Orain, laguntzaren %75a bideratuko da eta gainontzekoa, diru-zuriketa aurkeztu ondoren. Abenduaren 31n amaituko da gastu zuriketarako epea. Laguntza lerro honetan 79.000 euro banatzea erabaki da.

  Halaber, ekintza edo ekimen puntualetarako lerroan, 8 dirulaguntza eskaera jaso dira baina bat ezeztatu da, herrialde hartzailean kontraparterik ez egiaztatzeagatik. Onartutako zazpi eskaeratatik lau Hermansoloña taldeak aurkeztu ditu eta Argentinan hainbat proiektu konkretu burutzeko dira. Beste bi, Nomada elkarte humanitarioaren izenean aurkeztu dira, Nepalen, eskola bateko komunak berreraiki eta beste batean ur edangarri hornidura sarea egiteko. Azkenik, Mikel Goiaingeruaren Parrokiaren izenean aurkeztu dena Dominikar Errepublikan burutuko da eta giltzurrunetako gaixo kronikoen tratamendua hobetzera bideratuko da. Zazpi proiektu hauetara 30.000 euro bideratzea onartu da eta orain, % 75a ordainduko da.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!