Oñatiko udala

Kerik Gabeko Astea antolatu du Osakidetzak, erretzaile pasiboengan azpimarra jarrita

2025/05/26
Card image cap
Mahai informatiboak jarri dira eskualdeko osasun zentroetan eta ospitalean.

  Debagoieneko ESIk aktiboki parte hartzen du Osakidetzak antolatu duen Kerik Gabeko Astean. Tabakismoak eragindako osasun ondorioak ezagutzera emateko ekintzak egin ohi dira eta aurten, bereziki, zuzenean erre gabe halakoen ondorioak nozitzen dituzten erretzaile pasiboengan jarri da azpimarra. 

  Maiatzeko azken aste honetan zehar mahai informatiboak izango dira osasun zentroetan; infografien bitartez, tabako kearen arriskuak, erretzeari uzteko Osakidetzak eskaintzen dituen baliabideak edota haurdunaldian zehar erretzeak umekiari zein amari eragin diezaieken kalteak azaltzen dira, besteak beste. Era berean, kontzientziazioa indartzeko 7 galderaz osatutako galdetegi bat prestatu da eta hau ere eskuragarri dago anbulatorio eta ospitaletan. Galdetegi honetan erretzaile pasiboak nozitzen dituen ondorioei ikusgarritasuna ematen zaie.

  Maiatzaren 31a da Tabakorik Gabeko Mundu eguna, eta horren haritik antolatu du Osakidetzak Kerik Gabeko Astea. Osasun zentroetan ez ezik, ekintzak kanpoan ere egin asmo dituzte, herriko eragileekin elkarlanean. Bergaran, esaterako, ikasleekin gynkana antolatu dute eta Oñatin ere, ekintzaren bat prestatzeko asmotan dabiltza. Debagoieneko ESIk herritar guztiak gonbidatzen gaitu Kerik Gabeko Astean parte hartzera eta tabakismoa eta zigarreta elektronikoak eragiten duen beste ke mota batzuen kalteei buruz hausnartzera.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!