Urgain herri eskolako jolasgunea eraberritzen amaitzeko lanak esleipenera atera ditu Udalak

Lur Paisajistak enpresak osatutako proiektuan oinarrituta ari dira eraberritzen Urgain herri eskolako jolasgunea. Bi fasetan egitea aurreikusi zen, baina bigarren fasearen dimentsioa handitzearen ondorioz, hau beste bitan banatzea erabaki zen iaz; azkena egitea falta da soilik. Jolas elementuak eta altzariak jarri eta jolas eremuan integratu zen alboko belardian arbolak eta beste landara batzuk sartzeko lana aurtengo azken faserako utzi zen; landaketa lanak urtarrilean aurreratu ziren, Foru Aldundiaren dirulaguntzaz baliatuta. Horrela, iazko udazken-neguko euriek agerian utzitako beste arazo bati konponbidea eman ahal izango zaio: belardiaren barrenean agertu diren bi ur emari egoki bideratzeari, alegia.
Lur Paisajistak enpresari proiektua eguneratzea eskatu zitzaion eta lan horiek dira esleipenera atera direnak: jolas elementuak eta altzariak jarri, sortu diren bi ur emarietako urak batu eta bideratu, jolas eremuan txertatu zen lur sailaren goiko aldean segurtasun itxitura hesia egin, urmaelean itxitura sendoagoak jarri eta ate berri bat egokitu saskibaloi kantxaren aldameneko hesian. Lanak egiteko 12 asteko tartea mugatu da esleipen deialdian eta aurrekontua berriz, 170 mila euro da, BEZ barne. Lanak udako opor garaian egitea aurreikusten da.
Interesa duten enpresek maiatzak 26, astelehenera arteko epea dute proposamenak aurkezteko. Halako lanak egiteko gaitasun teknikoa badutela egiaztatu beharko dute, azken bost urteetan egindako obren zerrenda atxikiz. Enpresa berria bada, dituen baliabide material eta pertsonalen berri zehatza eman beharko du. Lanak esleitzeko irizpide nagusia eskaintza ekonomikoa izango da, %85eko balioa izango duelarik. Berme epea luzatzea ere kontutan hartuko da, balorazioaren %15arekin.
Urgaineko jolasgunea ikastetxeak erabiltzen du eskola egun eta ordutan, baina irekita egoten da gainontzeko tarteetan, auzotarrek eta herritarrek erabili dezaten.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!