Musika Eskolak eta udalak diru laguntza hitzarmena sinatuko dute.

2014/02/27
Card image cap
Bien arteko harremanak ordenatze aldera, musika eskolaren eskariz Gorritxitxi eraikina alokatzeko kontratua ere egingo da.

  Kultur arloko ekintzetarako udalak ematen dituen diru laguntzak banatzeko sistema aldatu egingo da aurten. Beste departamentu batzuek egiten duten bezala, deialdi orokor eta irekia egingo da. Jose de Azpiazu Musika eskolak, Aita Madina txistulari taldeak edota Musika Bandak ordea izaera berezia dute eta orain arte udaletik jasotzen zuten diru laguntzari eutsiko diote baina bi aldeen arteko hitzarmenak izenpetuz. Musika eskolak eta udalak sinatuko dutena gertu dago jada eta gaurko Osoko Bilkuran aurkeztuko da.

  Hitzarmenaren helburua, udalaren eta Jose de Azpiazu Musika eskolaren arteko lankidetza eradua modu iraunkorrean ezartzea da bai diru laguntzei dagokienez eta baita bi aldeen arteko harremanei dagokienez ere. Bide batez, Gorritxitxi deituriko eraikina bi urtetarako alokatzea ere aurre ikusten da hitzarmenaren helburuetan.

  Udalak, urtero bere aurrekontuan Musika eskolaren gastuetarako partida nominatibo bat jartzeko konpromisoa hartzen du. 2014. honetan, 137 mila euro izango da.

  Musika eskolak, bere aldetik, Gorritxitxi eraikinaren alokairu kontzeptuak hilero, 3.432 euro ordainduko dizkio udalari. Urte amaieran, ikasturteko txostena eta balantze ekonomikoa bidaliko dizkio eta urteko heziketa programa eta matrikula nahiz materiala eta hileko kuotak finkatzeko bilerako agiriak udalari igorriko dizkio.

  Lankidetza hitzarmenean garbi uzten da udalak ez duela inolako loturarik izango Musika eskolan ari diren langileekiko, hauek musika eskolak kontratatutakoak baitira eta ez dute udalarekin lan hitzarmenik. Hizkuntza aldetik ere musika eskolak eskaintzen dituen aktibitate guztiak euskaraz egin beharko dituela dio hitzarmenak, eta eskolako lan hizkuntza euskara izango dela ahozko harremanetan haur eta gurasoekin.

  Jasotako diru laguntza justifikatzeko, abenduaren 1a baino lehen, jarritako baldintzak bete direla egiaztatzen duen jarduera txostena aurkeztu beharko du Musika eskolak. Era berean, egindako gastu eta inbertsioen zerrenda ere aurkeztu beharko du. Hitzarmenean ez da zehazten udalak agindutako ditu laguntza nola eta noiz ordainduko den, hau da, ordainketa bakarrean edo zenbait zatitan ordainduko den ezta ere, hori noiz gauzatuko den.

  Orain, Jose de Azpiazu Musika eskolarekin egin den bezala, datozen asteetan antzerako hitzarmenak zehaztuko dira Musika Banda eta txistulari taldearekin.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!