Langabeziak nabarmen behera egin du bigarren hilabetez eta % 8aren azpitik kokatu da Oñatin
Oñatiko 418 langabetu zenbatu ziren Lanbideko bulegoetan maiatza amaieran. Horrek langabezia tasa, % 7.96 dela adierazten du. 2011ko abenduaz geroztik ez zen halako tasa bajurik neurtzen Oñatin. 2012a hasi ezkero, herriko langabezia tasa % 8tik gora mantendu da eta bereziki aipagarria da, 2013ko otsaila amaieran, azken urteetako goren mailara iritsi zela, % 10,15arekin.
Maiatza amaierako datuak aurreko hilekoarekin konparatuta, 30 langabetu gutxiago zenbatu dira gurean. Gizon nahiz emakume langabetuen kopuruak behera egin duen arren, jaitsiera, bereziki esanguratsua izan da emakumeen arten, 21 gutxiago zenbatu baitira. Adinari erreparatuta, 25 urtez gorako emakumeen artean jaitsi da gehien langabetuen kopurua. Gizonezkoen artean, berriz, 25 eta 44 urte artekoen taldean murriztu da. Lanbidetik jaso ditugun maiatzeko datuen arabera, Oñatin, une honetan, 418 langabetu daude, esan bezala. Horietatik, 191 gizonezkoak dira eta 227 emakumezkoak.
Orain arte maiatzeko datuak apirilekoekin konparatu ditugu. Baina langabeziak nabarmen behera egiten duen bigarren hilabetea izan da maiatza, martxoko datuekin alderatuta, Oñatin, 55 langabetu gutxiago erregistratu baitira. Eta horrek, langabezia tasa puntu pasatxo murriztea ekarri du.
Oñatin bezala, Debagoienean eta Hego Euskal Herria ere nabarmen egin du behera langabeziak maiatzean. Debagoienean 103 langabetu gutxiago zenbatu dira azken hilabetean eta Elgetan izan ezik, eskualdeko gainontzeko herri guztietan murriztu da lana topatu eta ezinean daudenen kopurua. Hego Euskal Herrian ere 7.628 langabetu gutxiago zeuden izena emanda enplegu zerbitzu publikoetan. Kopuru honek ez du parekorik, eta hilabete bakar batean izandako langabezia jaitsierarik handiena izan da, egungo zenbaketa metodologiarekin eskura dauden datuen arabera, hau da, gutxienez, 1996tik hona .
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!