Langabeziak gora egin du gurean otsailean

2022/03/07
Card image cap
Azken hilabetean 6 langabe gehiago zenbatu dira baina pandemia aurreko otsailean baino 6 gutxiago

  Hortxe, mugan dago herriko langabezia tasa, pandemia aurreko kopuruetan, baina gora behera puntualekin. Otsailean, aurreko hilean baino langabe gehiago zenbatu baziren ere, orain bi urte baino gutxiago izan dira. Urteko bigarren hilabetea 348 langaberekin amaitu zen Oñatin, eta langabezia tasa % 6,4 da. Aipagarria da, 25 urtez azpikoen artean behera egin duela langabe kopuruak eta 25 eta 44 urtekoen artean berriz, gora. 45 urtetik gorakoen artean, aldiz, sexuaren araberako bereizketa eman da, gizonen artean gehitu egin da eta emakumeen artean murriztu. Baina edozein kasutan alde handirik gabe, ez gora ez behera, orokorrean, urtarrilean baino sei langabe gehiago zenbatu direlako gurean. Langabezian dauden emakume eta gizonen arteko portzentajeak urtarrilekoaren pareko izan dira otsaila amaieran ere. Sektoreka, aurrez zerbitzuen arloan zihardutenen artean egin du gora bereziki langabeziak gurean.

  Covid-19a zabaldu zen 2020ko datuetara begiratuz gero, joera errepikatu egin da aurten, eta orduan bezala, urtarrilean baino langabe gehiago zenbatu dira otsailean. Hori bai, orain bi urte baino 6 gutxiago zenbatu dira oraingoan, eta iaz, garai berean baino 59 gutxiago.

  Oñatin bezala, hego Euskal Herrian ere pitin bat handitu da langabezia kopurua azken hilabetean, 747 langabe gehiago zenbatu ditu SEPEk, Espainiako enplegu zerbitzuak, eta Oñatin bezala, baita ere, zerbitzuen arloan ari zienen artean gehitu da langabezia. Baina aipagarria da gizarte segurantzara afiliazioa handitu egin dela eta azken hilabetean ia 4.000 alta egon direla. Azken urtean, 33.687 kotizatzaile gehiago daude Hegoaldean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!