Langabeziak gora egin du abuztuan Oñatin, ohikoa denez
Udako hilabeteak gora beheratsuak izan ohi dira gurean, oporrak hartzen dituzten langileak ordezkatzeko aldi baterako kontratazio ugari egiten baitira. Kontratazio gehienak ekaina eta uztailean egiten dira eta ondorioz, abuztuan, baja izaten dira. Aurten, langabeziak behera egin zuen ekainean baina gora berriz, uztailean eta abuztuan. Uda beteko bi hilabete horietan 21 langabe gehiago zenbatu dira Oñatin eta langabezia tasak kasik 40 ehuneneko egin du gora. Abuztua bakarrik hartuta, 9 langabe gehiago zenbatu dira eta horiek, 44 urte arteko gizonezkoak eta 25 eta 44 urte bitarteko emakumeak dira, gainontzeko taldeetan, lanik gabe dauden oñatiarren kopurua murriztu egin baita azken hilabetean.
Langabeziari dagokionean aurtengo abuztua aspaldiko abuzturik okerrena izan dela irakurri dugu han eta hemen. Oñatiren kasuan ezin da halakorik esan, ohiko abuztua izan baita: langabeziak gora egin du baina ez atentzioa emateko neurrian.
Iazko datuekin alderatuta, orain urtebete baino langabe gehiago erregistratu ziren abuztu akaberan gurean, iaz baino 5 gehiago. Aipagarria da dena den, iazko abuztuan baino parekatuago dagoela lanik gabe dauden emakume eta gizonezkoen kopurua, emakumeak gehiago diren arren, %58a.
Gure ingurura begiratuta ere gora egin du langabeziak Debagoienean; uztaileko kopuruen parekoak mantendu dituzte Elgeta eta Antzuolan eta pitin bat jaitsi da Leintz Gatzagan baina gainontzeko herrietan langabe gehiago zenbatu dira abuztu akaberan. Ikusmira Hego Euskal Herrira zabalduta, langabeziak gora egin du baita ere. Azken hilabetean uztailean baino 3.075 gehiago dago egun Hegoaldean. Lurralde guztietan egin du gora langabeziak aurreko hilabetearekin alderatuta.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!