Lanari buruzko nazioarteko kongresua egingo da bihar eta etzi unibertsitate zaharrean

2019/04/09
Card image cap
Lanaren Nazioarteko Erakundearen mendeurrenean Euskadin egingo den ospakizun bakarra antolatu du Lege Soziologia Institutuak

  Lanaren Nazioarteko Erakundeak ehun urte betetzen ditu aurten, eta horren harira nazioarteko kongresua antolatu du Oñatiko Lege Soziologia Institutuak, Eusko Jaurlaritza eta EHUrekin elkarlanean. Nahi dugun lanaren etorkizuna: eztabaida globala da kongresuaren izenburua eta bihar eta etzi egingo da unibertsitate zaharrean. Lan arloko askotariko eragileek parte hartuko dute kongresuan: langile eta enpresen ordezkariak, politikariak, akademikoak, ikerlariak, lan arloko epaileak eta abar. Azpimarratzekoa da Euskadin ordezkaritza handiena duten lau sindikatuek, ELA, LAB, CCOO eta UGT-k eta Confebask patronalak ere parte hartuko dutela.

  Iñigo Urkullu Lehendakariak irekiko du nazioarteko kongresua bihar goizean eta Lanaren Nazioarteko Erakundearen Espainiako zuzendariaren sarrerako hitzaldiaren ondoren, lan bilerei hasiera emango zaie. Sei gai nagusiren bueltan antolatu da kongresua: lana eta gizartea; lan duina denontzako; osasuna eta segurtasuna lanean; lanaren gobernantza; lan eta produkzioaren antolakuntza eta lanaren etorkizuna, ikuspegi ezberdinak Euskal Herritik. Sei ardatz horien baitan 22 ponentzia aurkeztuko dira eta sail bakoitzaren amaieran eztabaidarako tartea zabalduko da.

  Ekitaldiaren amaieran, ostegun eguerdian, kongresuaren ondorio nagusiak jasoko dituen Oñatiko Adierazpena aurkeztuko da. Dokumentu hau Suitzan, Lanaren Nazioarteko Erakundearen egoitzan egingo den ekitaldi nagusian irakurriko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!