Joera orokorraren aurka langabeziak gora egin du berriro Oñatin

2016/04/05
Card image cap
Otsailean murriztu zen maila berean hazi da martxoan

  Pasa den hilean aipatzen genuen langabezia jaitsierak ez du luzaroan iraun eta Gipuzkoa edo Hego Euskal Herriko gainontzeko herrialdeen joera orokorraren aurka, Oñatin, langabetuen kopuruak gora egin du berriro. 

  Otsaila, hilabete galdua gertatu dela ere esan daiteke, orduan langabeziak behera egin zuen maila berean egin baitu gora azken hilabetean. Urtarrila, 416 langabetuekin amaitu zen Oñatin eta martxoan, 417 langabe daude. Aipagarria da dena den, sexu eta adin taldeka, aldeak badaudela urtarriletik martxora. Gizonezkoen kasuan, 25 urtez azpiko eta 45 urtez gorakoenen artean, pitin bat egin du gora lanik ez dutenen kopuruak Oñatin, baina bereziki, 25 eta 44 urte arteko emakumeen artean igo da langabezia, urtarrila eta martxoko datuei erreparatuta, beti ere. Txanponaren bestaldean, 45 urtetik gorako emakumeen langabeziak behera egin du, bi hilabeteko tarte horretan.

  Aldeak askoz ere nabariagoak dira urtebeteko tartea hartzen bada. Iazko martxoan baino 56 langabetu gutxiago daude une honetan Oñatin. Baina azken hilabeteotan aipatu fenomeno berbera errepikatu behar da, alegia, urtebeteko tartean, nagusiki gizonezkoen langabeziak egin duela behera. Une honetan, iazko martxoan baino 46 gizonezko gutxiago daude Lanbiden izena emanda, emakumeak berriz, 10 gutxiago dira bakarrik. Horrek esanahi du Oñatin lan gabe dauden 100 lagunetatik 41 gizonezkoak direla eta 59 bestalde, emakumezkoak.

  Hego Euskal Herrian orokorrean, langabeziak jaisten jarraitu du, motel bada ere. Aste Santuko kontratazioen eskutik ia 1.600 langabe gutxiago zenbatu dira Hegoaldean, horietatik 200, Gipuzkoan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!