Oñatiko udala

95.000 euro banatuko dira herriko taldeen urteko kultur programa eta sorkuntza lanak gauzatzeko

2025/05/20
Card image cap
Ramada Inn taldeak udal dirulaguntza jasoko du aurkeztu berri duen hirugarren diskoaren grabazio gastuetarako
16 taldek eta 18 proiektuk jasoko dute udalaren dirulaguntza

  Bi laguntza lerro ditu udaleko Kultura departamentuak, urteko programazioa aurrera eramateko, batetik, eta sormen lanerako dirulaguntzak, bestetik. Lehen laguntza lerroa da diruz handiena eta 16 talde edo elkarteren urteko programak babestuko dira aurten. 

  Atal honetan laguntza handienak Oñatz dantza taldeak, Ganbara abesbatzak, Ganbara kantu eskolak eta Hots abesbatzak jasoko dituzte. Ilunpetan argazkizaleen taldeak, Txinparta bertso eskolak, Lizargarate trikitizale taldeak, Oñatiko margo taldeak, Algaraz ikuskizun elkarteak, Zizelkatzaileen elkarteak, Oñati abesbatzak, Aequus Ensemblek, Laburmetraien rallyak, Nabarralde elkarteak, Zubillagako Ereitten auzo-elkarteak eta Arantzazuko Adiskideak ere udalaren babes ekonomikoa jasoko dute. Onartu diren 16 egitasmoetara 77.000 euro bideratuko ditu aurten Udalak. Orain onartutako dirulaguntzaren % 60a ordainduko da eta gainontzekoa, azaroaren 28a bitartean entregatu beharko duten memorian zurituko gastuen arabera, urte amaiera baino lehen.

  Kultura departamentuak sormen lanetarako dirulaguntzak ere eman ohi ditu. Atal honetara 18 egitasmo aurkeztu dira eta guztiak diruz lagunduko dira, 18.000 euro banatuz. Ramada Inn, Mila Modu eta Txuletons taldeek abesti, disko edo bideoklipak grabatzeko udalaren dirulaguntza jasoko dute, baita Hots abesbatzak, Ganbara abesbatzak eta Ganbara Kantu Eskolak ere, musika propio sortu edo musikarekin zer-ikusia duten proiektuak gauzatzeko. Burrunda fanzinea argitaratzeko; Artixa kultur elkarteak, Lukene Igartuak, Arantzazu Egañak, Ander Lizarraldek eta Ernesto Unzurrunzagak hainbat liburu eta argitalpen egiteko udalaren diru babesa izango dute. Ilatargi astronomi elkarteak gurean egin berri duen argazki erakusketarako, Algaraz ikuskizun elkartearen ikuskizun berriaren grabaziorako eta inauterietan dantzen grabaketa egiteko Oñatzek aurkeztu duen proiektua ere babestuko da, kultura departamentuaren dirulaguntzez.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!