100en bat boluntario behar dira Elikagaien Bankurako bilketarako

Urteko lehenengo bilketa handia egingo du Gipuzkoako Elikagaien Bankuak, maiatzaren 23 eta 24an. Bergara eta Oiartzungo biltegietako apal asko hutsik daude, egoera “kritikoa” dela esan dute arduradunek, eta horiek betetzeko udaberriko bilketa handia prestatzeko lanetan azken ukituak egiten ari dira gurean, laguntzeko prest dauden boluntarioak topatzen.
Elikagaiak utzi eta janari-bonoak eskuratzeko aukera jarriko da herritarren eskura. Oñatiko bost janari dendek bat egin dute kanpainarekin: Arantzazu Ama kaleko eta Errekaldeko Eroski dendek, San Migel kooperatibak, Olakuako BMk eta Errekaldeko dendak. Guztietan boluntarioak behar dira, laguntzaileen presentziak jasotzen den kantitatean eragiten duela baitakite antolatzaileek.
ACESMA elkartea arduratzen da Oñatin boluntarioak topatu eta hauen lana koordinatzeaz. Ari dira boluntarioen izenak hartzen eta zuzenean elikagaien bankuko onuradunengana jo dute laguntza eske. Baina boluntario gehiago behar dira herriko ia denda guztietan bi eguneko txandak betetzeko. Horregatik, laguntzeko gertu dauden herritarrei Ibis Rodriguezekin harremanetan jartzea eskatzen zaie, telefono zenbaki honetara deituta: 688 846 293. Boluntarioei zein lan egin behar duten azalduko zaie eta lagundu dezaketen egun eta ordu tarteen arabera txandak betetzen joango dira. Bi orduko txandak betetzeko 100nen bat boluntario beharko dira. Denda batzuetan elikagaiak jaso ez ezik janari bonoak jarriko dira bezeroen eskura. Baina azalpenak, sartu orduko emango dizkiete boluntarioek. Hauek arduratuko dira baita ere herritarrek emandako elikagaiak jaso eta sailkatzen.
100 familia onuradun baino gehiago ditu egun Elikagaien Bankuak Oñatin. Gipuzkoan, orotara, 17.000 pertsona baino gehiagori banatzen zaie janaria. Egun, bankuak 10 kilo janari inguru ematen dizkio pertsona bakoitzari baina kopuru hori 8 kilora murriztu beharrean egon daitezke, donazioak handitzen ez badira.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!