Hiru euskal unibertsitateak elkarlanean ari dira Arantzazulab-en

2021/06/30
Card image cap
Arantzazuko laborategiaren ikerketa markoa diseinatzen ari dira hamaika diziplinetan aditu diren 40 ikertzaile

  Arantzazulab-eko ikerketa elkarguneak hasi du bere bidea. Euskal Herriko Unibertsitateko, Deustuko unibertsitateko eta Mondragon unibertsitateko 40 ikertzaile eta ordezkari elkartu dira gaur Gandiaga Topagunean Arantzazulab-en ikerketa markoa elkarlanean diseinatzeko lan saioan.

  Arantzazulab-ek bere aurkezpen ekitaldia egin eta hiru hilabetetara historikotzat jo daitekeen lan saioa antolatu du hiru euskal unibertsitatetako 40 ikertzailerekin. Mintegiaren helburua da, batetik, gizarte erronken inguruko ikerketa joera nagusiek gure herrian sortzen dituzten galderen inguruan eztabaidatzea; eta bestetik, datozen urteetarako laborategiko ikerketa edukiak zehazteko hausnarketa lankidetzan egitea. Arantzazulab-en oinarrietako bat da hiru unibertsitateak elkarrekin aritzea, eta hasieratik eragile esanguratsuak izan dira: elkarlanean parte-hartu zuten laborategia sortzeko hausnarketan zein jatorrizko diseinuan eta Arantzazulab-en Aholku Batzordean ez ezik, honek sustatutako ikerketarako elkargunean eragile aktibo izaten jarraitzen dute hiru unibertsitateek. Mota honetako elkarlana ez da ohikoena esparru akademikoan, unibertsitateok eremu askotan lehiakide baitira. Baina Arantzazulab-ek hirurak elkarrekin eta helburu komun baten alde lanean aritzea lortu du.

  Gaurko lan saioa Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendari nagusiaren aurkezpenarekin hasi da. Ondoren, ponentzien txanda izan da eta hiru unibertsitateetako 12 ikertzaileren aurkezpenak entzun eta horien inguruan ekarpenak egiteko aukera izan dute parte-hartzaileek. Arratsaldean berriz, talde dinamika burutu dute, eta Arantzazulab-ek unibertsitateei proposatu dizkien lau ikerketa esparru nagusiren inguruan hausnartu eta eztabaidatu dute guztiek: Demokrazia, Ongizatea, Elkarbizitza eta Lana. Datozen urteetarako ikerketa plangintza zehatza marraztea eta abian jartzea izango da hurrengo urratsa.

  Esparru ezberdinetatik datozen eta askotariko begirada ekarri duten diziplina anitzeko unibertsitateko ikertzaileek parte hartzen ari dira gaurko lan saioan, hala nola, soziologia, ekonomia, zuzenbidea, komunikazioa, ingeniaritza, filosofia, hezkuntza edota psikologia bezalako eremuetan adituak diren ikerlariak elkartu dira. Izan ere, egungo gizarte erronkek esparru ezberdinetatik datozen ezagutzak konbinatzea eskatzen dute. Aipagarria da baita ere belaunaldi ezberdinetako ikertzaileak batu direla, begirada eta esperientzia maila askotarikoak uztartuz. Lan saioa euskara hutsean egiten ari dira Arantzazulab-eko ordezkariek gidatuta.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!