Oñatiko udala

Herriko jolas guneen diagnostikoa aurkeztu du Udalak

2023/02/01
Card image cap
0-2 eta 14-16 urte bitartekoentzat leku aproposen falta antzeman da eta hainbat hobekuntza proposatu dira espazioak berdinzaleagoak bihurtzeko

  Iazko apirilean abiatu zuen Projekta Urbes enpresak herriko jolas gune eta parkeen diagnostiko lana, Udalaren enkarguz. Ez da diagnostiko tekniko hutsa, erabiltzaileekin egin den parte-hartze prozesu batez osatu baita. Proposatutako hainbat esku-hartze aurten bertan gauzatzen hasiko dira, 100.000 euroko partida dagoelako jolas guneen hobekuntzetarako. Gainera, partaidetzazko aurrekontuen prozesuan 8-14 urte bitarteko haur eta nerabeentzat parke erakargarriak egokitzeko proposamena lehenetsi zuten herritarrek eta 200.000 euroko partida berria dago horretarako.

  Osatu den diagnostikoak hainbat gabezia eta behar identifikatu dira: 0-2 eta 14-16 urte bitartekoentzat leku aproposen falta eta parkeak hobetu eta espazio berdinzaleagoak bihurtzeko hainbat aldaketa egitea proposatzen du, besteak beste.

  Herrigunean dauden 21 jolas gune eta parkeak 8 multzotan bildu dira: Errekalde, Goiena, San Martin, Olakua, Eltzia, Garai, posta bulegoa eta plaza inguruak eta multzo bakoitzean, adin tarte ezberdinetako erabiltzaileentzat espazioak bereizteko beharra ondorioztatu da. Gabezia nagusiak, 0-2 urte bitarteko haurrei eta 14-16 urte bitarteko nerabeei zuzendutako espazioetan ikusi da. 0-2 urte artekoentzat ez dago gune berezirik Oñatin eta halakoak sortzeari lehentasuna eman zaio, eta 14-16 urte bitartekoak eroso egon daitezen zer nolako elementuak jartzeari buruz hainbat proposamen egiten dira aipatu diagnostikoan. Eta jolasgune batetik bestera modu seguruan joateko ibilbideak ere zaindu beharko direla azpimarratu dute udal ordezkariek diagnostikoaren aurkezpenean.

  Diagnostikoan jasotakoa iritzia eman duten haur, nerabe, guraso, hezitzaile eta zaintzaileekin kontrastatu da, modu berezian diseinatu zen parte-hartze prozesu baten bidez, kolektibo horien nahi eta beharrak ere bildu direlako.

  Diagnostikoak erdigunean izan du jolas guneen nolakotasuna. Alegia, ez da azpiegitura edo elementu soilak proposatzera mugatu eta aintzat hartu ditu jolaserako joerak, gizartearen gaurko et a etorkizuneko erronkak, landu eta hedatu beharreko balioak… Eta horietan guztietan, berdina izan da iparra: guztientzako jolas guneak eskaintzea, elkarlana eta talde lana bultzatzea, lekuen dinamikotasunean zein moldagarritasunean sakontzea, naturarekiko konexioa lantzea, zaintzaileen ongizatea aintzat hartzea eta haien arteko harremana sustatzea, mugikortasun iraunkorrarekin bat egitea, ludikotasuna, segurtasuna, jolasgarritasua…

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!