GAZTENEKek digitalizazioa eta berrikuntza sustatuko ditu lehen sektorean

2022/07/20
Card image cap
Mondragon Team Academyren metodologia aplikatuko du

  Belaunaldien berrikuntza eta ekintzailetza oinarrizkoak dira lehen sektorearen biziraupenerako. Premisa horrekin abiatu zuten Gaztenek programa Eusko Jaurlaritzak eta hiru Foru Aldundiek 2004an, eta orain, Mondragon Unibertsitatearen lankidetza tekniko eta pedagogikoarekin, programa modernizatuko da, egungo beharretara egokitzeko. Gaztenek Berri izeneko programa Oñatin, Enpresagintza Fakultatean aurkeztu da.

  Programa honek jarraipena emango dio Gaztenek aitzindariari, lehen sektorean ekintzailetzari laguntzeko zerbitzu integrala eskaintzen. Etapa berri honetan, proiektuak gero eta berritzaileagoak izatea lortu nahi da, balio erantsi handiagoa sortzea eta etorkizun-ikuspegia duten pertsonek gidatzea.

  Guztira 26 gaztek parte hartuko dute Gaztenek Berri egitasmoan, Arabakoak 11 dira, Bizkaikoak 6 eta Gipuzkoakoak 9. Helburua lehen sektorea gaztetu eta modernizatzea da eta horretarako egungo erronkei aurre egiteko tresnak eskainiko zaizkie, hala nola, enpresa kudeaketa, nekazaritza eta abeltzaintza lanaren digitalizazioa edo arlo horretako teknika eta berrikuntza berriak. Aplikatuko den metodologia Mondragon Team Academykoa izango da eta gakoa eginez ikastea.
Programa horretan, besteak beste, online saioak egingo dira, sektorearen problematikak ulertzeko, etorkizuneko joerak ezagutzeko eta berrikuntza-tresnak aurkitzeko. Mentoria saioak eta ikasketa-bidaiak ere egingo dira, lehen sektoreko inguru berritzaileak ezagutzeko eta kontaktu sarea handitzeko.

  Gaztenek programak bere dituen 18 urtetan 919 pertsonari lagundu zaio landa inguruan eta lehen sektorean sartzen. Oro har, 25 eta 40 urte artekoak izan dira eta %35a emakumeak. Nekazaritzan eta abeltzaintzan, gutxi gora behera, erdi eta erdi sartu dira eta onartutako proiektuetatik 175 inguruk ekoizpen ekologikoa edo integratua garatzen dute.

Iturria.Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!