Oñatiko udala

Euskararen kale erabilerak ia sei puntu egin du gora azken bost urteetan

2022/06/15
Card image cap
Zenbat eta adin-tarte gazteagoa izan, orduan eta handiagoa da euskararen erabilera Oñatiko kaleetan

  Tentuz hartu behar dira euskararen erabileraren inguruan lauzpabost urtean behin egiten diren kale neurketetako datuak, momentu eta leku konkretu batean bildu den taldearen hizkuntza erabilera puntuala baita. Baina 90 hamarkadatik modu sistematizatu batean egiten den neurketa den aldetik, joera orokorrak ikusi eta urte arteko konparazioak egiteko datu esanguratsuak eskaintzen dituzte.

  Udazkenean, iraila eta urriko 9 egunetan egin zen azken kale neurketa herriko hainbat gunetan. Neurketaren momentuan 10 lagunetatik zazpi ari zen euskarazko elkarrizketetan, % 71,5. Laurden bat baino zertxobait gehiago gaztelaniaz ari zen eta % 1,4a beste hizkuntzaren batean. Ondorioz, euskararen erabilerak ia sei puntu egin du gora 2016ko datuekin alderatuta. Bilakaera are eta interesgarriagoa da, kontuan izanda aurreko bost urteko epean ere igoera ikusi zela, nahiz eta bi puntu ingurukoa izan zen.

  Hizlariak adinka bereizten dira eta zenbat eta adin tarte gazteagoa izan, orduan eta handiago da euskararen erabilera. Haurren % 85,7, gazteen % 87,3 eta heldu gazteen % 75,1 euskaraz ari zen, adin desberdinetako biztanleekin nahasian zeuden elkarrizketetan. Proportzio horiek 3-4 puntu handitzen dira adinkideen artean daudenean, hau da, haurrek edo gazteek soilik osatutako taldeetan daudenean. Aipagarria da haurrak hizlarien artean egoteak eragin onuragarria duela helduengan, euskara gehiago erabiltzen baitute. Orokorrean, adin talde guztietan egin du gora euskararen erabilerak azken bost urteetan eta baina haurren, gazteen eta heldu gazteen erabilerak batezbestekoaren gainetik kokatzeak, euskararen erabilera sendotzea eragiten du. 44 urtetik gorakoen artean, aldiz, euskararen erabilera % 50etik behera kokatzen da, adin berekoen arteko elkarrizketetan.

  Etorkizunera begira, garrantzitsua izango da haurren eta gazteen joerei erreparatzea. Kanpo eraginak tarteko, zaindu beharrekoak dira haur eta gazteen hizkuntza erraztasuna, euskaraz modu lasaian aritzeko aukerak eta euskarazko sozializazioa, kale neurketan jaso diren euskara erabilera datu altuei eusteko.

  Hiztunaren sexuaren arabera euskaraz ari diren emakumeak gizonezkoak baino gehiago izan ohi dira, baina azken kale neurketan gizonezkoen proportzioa bi puntu handiagoa da. Orain 5 urte alderantziz zen.

  Euskararen kale erabilera neurtzerakoan Oñatin hiru ibilbidetan dabiltzan hiztunen datuak jasotzen dira: herri barrua, Errekalde eta San Lorentzo-Olakua; herri barruko ibilbidean antzeman da euskara erabilera handiena eta San Lorentzo-Olakuan txikiena. Nabarmentzekoa da, Errekaldeko ibilbidean izan den gorakada, 11,5 puntu handitu baita, 2016ko datuekin alderatuta.

  Soziolinguistika klusterrak hirugarren aldiz egin du hizkuntzen erabileraren kale neurketa Oñatin. Txostena orain egun gutxi helarazi zitzaien udal arduradunei baina egindako lanaren eta emaitzen azalpen publikoa irailean egitea aurreikusten da.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!