Errekalde Herri Eskolan, espazioaren berrantolaketa lanak egingo dira bi gela berri eratzeko
Urgain-Errekaldeko ikasle kopuruak etengabe gora egin du azken urteetan. Hamabi urteko epean, matrikulazioa kasik bikoiztu egin da, eta horrek espazio gehiagoren beharra eragin du.
Azken ikasturteetan, Lehen Hezkuntzako maila altuenetan gela bakarra izan bada ere, Haur Hezkuntzatik bina gelako taldeak datozela jakinarazi dute eskolako arduradunek. Gainera, 2015-2016 ikasturtean eta 2 urtekoen gelan 49 ikasle berri izango dituztela zehaztu dute. Horrek, bi gela ez baizik eta 3. bat irekitzeko beharra ekarriko du, Hezkuntza Sailaren irizpideen arabera, haur hezkuntzan gelako ratioa, 23 ikaslekoa baita.
Guzti honen ondorioz, egungo espazioen berrantolaketa proposamena egin da Errekalde herri eskolatik. Lanak, bi fasetan egingo lirateke: aurtengo udan, pladurrezko pareta baten bitartez gela bat erdibitzea proposatzen da, 3 ikasturterako dagoen beharrari aurre egiteko. Etorkizunean, ikasmailako bi gelako linea egonkortuko balitz, gela berria, zaintza eta siesta gela bihurtuko litzateke aparteko obrarik egin gabe. Datorren udan bestalde, eta sotoko taldeak ELTZIAra aldatuko direla aurre ikusita, egungo biltegia bertan egokituko litzateke, bigarren gela bat irabaziz.
Aldi berean, bi uda hauetan, beste gela batzuen egungo erabilera aldatuko da.
Udaleko Hezkuntza nahiz Ogasuna batzordeek ontzat eman dituzte espazioen berrantolaketarako Errekalde eskolatik egin den lanen proposamena eta aurtengo asmoak. Lanak irailerako amaituta egon daitezen prozesua abian jarri du Udalak.
Lan batzuk hasi eta beste batzuk amaitu. Hainbat ikasturtetan zehar berritu baitira Errekalde herri eskolako leihoak. Azkenak, hegoaldera ematen duen behe solairuko leihoak izan dira. Hauek aldatzearen aurrekontua, 6.616,74€ (+BEZ) izan da.
Udalak ordaintzen ditu ikastetxe publikoan egiten diren hobekuntza lanak eta inbertsioen % 60a, gutxi gora behera berreskuratzen du Hezkuntza Sailak emandako diru laguntzen bitartez.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!