Oñatiko udala

Energia trantsiziorako bulego ibiltaria irekiko du Mankomunitateak

2025/03/06
Card image cap
Oñatin, asteazken goizetan egongo da, Bidebarrieta kaleko 24an

  Trantsizio energetikoa lehentasuna bilakatu da azken urteetan, baita Debagoieneko Mankomunitatearentzat ere. Herritarrei informazio eta aholkua ematea ezinbestekotzat jo da eta behar hori betetzera dator energia bulego ibiltari hau. Bulegoko arduraduna herriz herri ibiliko da eta Oñatin, asteazkenetan egongo da Bidebarrieta kaleko 24an, 9:00etatik 14:00etara.

  Bulegoan gai ezberdinen inguruko informazioa jaso ahal izango da: elektrizitate eta gas fakturen azalpena eta kontzeptu ezberdinak ulertzeko laguntza emango da; merkatu arautuan eta librean dauden aukerei buruzko informazioa emango da; datu historikoetan oinarrituz, horniketa bakoitzari dagokion potentzia optimoa aztertuko da; etxean instala daitezkeen energia berriztagarrien inguruko informazioa emango da; etxebizitzaren birgaitze energetikoari buruzko gaietan aholkua emango da eta laguntza ekonomikoak eskuratzeko dauden aukerak aztertuko dira, besteak beste. Aurrez aurreko arretaz gain, telefono eta mezularitza zerbitzuak ere jarriko dira martxan, 747 48 51 47 telefono zenbakian eta energiabulegoa@debagoiena.eus helbide elektronikoan. https://energiabulegoa.debagoiena.eus/ webgunea ere aktibatu du Mankomunitateak.

  Zerbitzu berri honen helburua, herritarrei informazioa gardentasunez ematea dela nabarmendu du Xabier Igartuak, Oñatiko zinegotzi eta Mankomunitateko gobernu juntako kideak. Multinazionalek agintzen duten energia sektorean gardentasun falta handia dagoela eta horrek herritarrengan eragin zuzena duela esan du,azpimarratuz, energia berdina, ordutegi berdinean erabiltzeagatik ordaintzen dena guztiz ezberdina izan daitekeela. Aldi berean salatu du, energia sektorean agindu duen oligopolioaren erruz, herritarren oinarrizko behar batekin ikaragarrizko etekin ekonomikoak ateratzen ari direla

  Trantsizio energetikoa lehentasunezkotzat jo du Debagoieneko Mankomunitateak agintaldi honetan, eta lau lan ildo jarri ditu martxan: energia ereduaren aldaketaren aldeko apustua; energia arloan eskualdeko administrazio publiko arduratsua sustatzea; energia kudeaketa jasangarria bultzatzea, etxe eta jarduera ekonomikoetan eta eskualdeko hirigintza eta mugikortasuna energia eta klima irizpidez garatzea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!